Asteazken honetan goizean, apirilaren 29an, ONFOCOS Lankidetzarako eta Elkartasunerako Funtsen Konfederazioko arduradunak Bilbo bisitatu dute, eta horren harrira Amaia Arregik harrera egin die udaletxeko Arabiar Aretoan.

Urteroko topaketa horrekin, Bilbok nazioarteko lankidetzarekin eta elkartasunarekin duen konpromisoa erakusten du, eta, aldi berean, udalerriek garapen jasangarri, bidezko eta inklusibo baten eraikuntzan jokatzen duten papera balioesten du. Hitzordu hori funtsezkoa da lankidetza munizipalistarako estatu-sarea osatzen duten funts eta entitate guztientzat. Euskal Fondoaz gain, Andaluziako, Extremadurako, Kataluniako, Galiziako, Menorcako, Mallorcako, Pitiuseko (Eivissa eta Formentera, Balearretan) eta Valentziako funtsek ere parte hartzen dute.

Amaia Arregi Bilboko Alkateak eskerrak eman dizkio konfederazioari "mundu bidezkoagoa, solidarioagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko tokiko arlotik egiten duzuen lan eskergagatik. Bilbo balioen hiria dela diogunean, hor sartzen dugu erronka globalen aurrean dugun konpromisoa (hau da, berdintasun eza, klima-larrialdia edo giza eskubideen defentsa), tokiko eremutik abiatuta, aliantza sendoen eta ikuspegi partekatuaren bidez".  

Ildo estrategikoak

Confocos-en urteko batzarra erakundearen topaketarako, hausnarketarako eta erabakiak hartzeko gune nagusia da, eta lankidetza-funtsetako eta toki entitateetako ordezkariak, eta garapenerako lankidetzan eta nazioarteko elkartasunean adituak diren pertsonak bildu ditu. Lansaioan zehar, lankidetza munizipalistako erronka eta lehentasun nagusiak aztertu dira, azken ekitaldiko jardueren balantzea egin da, eta etorkizunerako ildo estrategikoak aztertu dira.

Bilbok Sevillaren eta Bartzelonaren lekukoa hartu du –2025ean eta 2024an hartu zuten batzarra–, topaketaren izaera ibiltaria erakutsiz, baita Confocos-ek deszentralizazioarekin eta sareko lana indartzearekin duen konpromisoa ere. Aurreko edizioetan, Urteko Batzarrak funtsen arteko koordinazioa indartzeko, jardunbide egokiak partekatzeko eta tokiko eremutik lankidetzaren ikuspegi komun batean aurrera egiteko balio izan du.

Lankidetza eta Elkartasun Funtsen Konfederazioari harrera egin dio Bilboko Udalak. B. U.

Urteko batzarraren aurretik, lankidetzako bederatzi funtsen prestaketa-bilera teknikoak egin dira, proposamen berriak egiteko eta elkarlanerako espazioetan sakontzeko, 2026-2027 aldirako estrategiak definitzeko helburuarekin. Bilera tekniko horietan, DGPOLDES (Garapen Jasangarriko Politiken Zuzendaritza Nagusia, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren mendekoa) gonbidatuta egon da, eta laster Extremaduran egingo den Tokiko Gobernuen eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren IV. Estatu Topaketa prestatu da.

Confocos-ek berretsi egiten du, deialdi honekin, lankidetza munizipalistarako erreferentzia-gune izaten jarraitzeko borondatea duela, elkarrizketaren, parte-hartzearen eta baterako lanaren aldeko apustua eginez, erronka globalei tokiko eremutik aurre egiteko funtsezko tresna diren aldetik.