Asteazkenean itzuliko da Bidebarrieta Zientifikoa zikloa
Hitzaldi-solasaldia, euskaraz eta gaztelaniara aldi berean itzulita, apirilaren 15ean, asteazkena, izango da, 19:00etatik aurrera
Datorren asteazkenean, apirilaren 15ean, Bidebarrieta Zientifikoa zikloa itzuliko da 'Gizona ala emakumea? Zientziak dioena generoaren pertzepzioari buruz euskaraz eta gaztelaniaz' izeneko hitzaldi-solasaldi batekin. Bidebarrietako Liburutegiak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta euskaraz eskainiko da, aldi berean gaztelaniara itzulita. Bertan, Laura Vela-Plo hizkuntzalaritzan doktore eta EHUko irakasleak hizkuntzak generoaren pertzepzioan duen garrantzia aztertuko du.
Hizkuntza gizartea islatzen eta moldatzen duen tresna da, eta gizartea eraldatzen lagun dezake. Hizkuntza-formulek, hala nola maskulino generikoaren erabilerak edo baliabide inklusiboek, hala nola bikoizketek, eragin zuzena dute generoa hautemateko moduan. Gainera, mezua jasotzen duenaren generoa, sexismo-maila, feminismoarekiko jarrera edo hizkuntza inklusiboa oso garrantzitsuak dira testuak interpretatzeko orduan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.
Laura Vela-Plo
Topaketan zehar, Laura Vela-Plok 1.500 parte-hartzaile baino gehiagorekin egindako hiru ikerketa esperimentalen emaitza nagusiak aurkeztuko ditu: horietako bi gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta publiko orokorrarekin, eta hirugarrena euskaraz, EHUko ikasleekin bakarrik. Beste ondorio batzuen artean, ikerketa horiek agerian uzten dute hizkuntzak eragina duela gizarte-pertzepzioan, adierazpen maskulinoak erabiltzeak interpretazio maskulinoak sortzeko joera duela, eta bi hizkuntzetan hizkuntza-formula inklusiboak erabiltzeak genero-joera murrizten laguntzen duela.
Laura Vela-Plo Hizkuntzalaritzan doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea). Gaur egun irakasle atxikia da Filologia eta Historia sailan, Hizkuntzalaritza Teorikako Taldeko (HiTT) ikerlartzailea, eta EHUko Letren Fakultateko Ikasle eta Praktiketarako dekanordea. Bere ikerketa-arloen artean, hizkuntzaren eta pertsonen generoaren irudikapenaren arteko harremana nabarmentzen da; zehazki, generoaren pertzepzioaren eta hizkuntza inklusiboarekiko jarreren azterketa.
Hitzaldira joan ezin izatekotan, streaming bidez ikus ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.