Apirilaren 16tik 26ra bitartean ospatuko da aurten Bilbo Zaharreko hainbat espaziotan sorkuntza artistikoko formatu berriak erakutsiko dituen BLV-ART jaialdiaren hogeigarren edizioa. Astearte honetan goizean izan da aurkezpen ofiziala, eta bertan egitaraua aurkeztu dute.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Alicia Otxandategi BLV-ARTeko zuzendariak aurkeztu diete programazioa komunikabideei, gaur goizean egindako prentsaurreko batean. Haiekin batera, Indómita Compañía-ren kide den Amaiur Macías artista izan da, eta apirilaren 22an, asteazkena, Bilborocken egingo duten "Gemidos de un cuerpo sin órganos" performancearen erakusketa eskaini du.
Apirilaren 16tik (osteguna) 26ra (igandea) bitartean, publikoak antzerkia, dantza, performanceak eta ikus-entzunezko ekimenak ikusi ahal izango ditu, hamar konpainiaren eskutik, horietako bost Euskadikoak. Guztira hamaika emanaldi izango dira, guztiak Bilbon lehen aldiz programatuak, tartean bost erabateko estreinaldi eta Euskadin hiru estreinaldi. Emanaldiak Berreginen Museoan, Bilborocken, Arriaga Plazan eta San Frantziskoko Udaltegian izango dira.
Programazioa performancean, dantzan eta dramaturgia berrietan oinarritzen da, formatu ez-konbentzionalekin eta adin guztientzat. Erabateko estreinaldiak: "Tetas", Raira Rosenkjar (Euskadi); "52-BLAU", IXA (Euskadi-Galizia); "Free Tour-Bilbao", Perpetûa Vastarda (Euskadi); "Perpetua", Alba De Miguel & Miguel González (Espainia-Berlin); eta "Laberintua mugitzen da", Macarena Recuerda Shepherd (Euskadi). Bestalde, María García Veraren (Bartzelona-Murtzia) "La vía láctea", Paloma Calleren (Madril) "100 cosas que hacer hoy mejor que ver este espectáculo" eta Jaume Cloteten (Katalunia) "Alusinasons" piezak lehen aldiz ikusiko dira Euskadin. Gainera, Indómita Compañía (Euskadi) kopainiaren "Gemidos de un cuerpo sin órganos" lana eta Alex de la Croix eta Sara Ruiz Ferrerren (Madril) "Domingo de gramos" film laburra eskainiko dira.
Tradizio handiko programa
BLV-ART 2007an sortu zen "Bilbo Zaharra, kulturarako zubia" izenarekin, udalaren kultura-estrategiaren barruan kultura-programa aitzindari gisa, auzoaren inguruan kultura-jardueren programa zabal bat bultzatzeko helburuarekin. Horrela, ekimenak auzoari balioa eman nahi dio, bere programazioarekin erakargarri eginez Bilboko herritar guztien begietara, eta, aldi berean, Hiribilduarekin duen komunikazioa sustatu nahi du kulturaren bitartez.
Bere ibilbidean zehar, BLV- ARTek diziplina guztietako arte proposamen berritzaileenak aurkeztu ditu Bilbo Zaharrean, horrela bilbotarrei eta bisitariei inguru honetako interes kultural zabala ezagutarazteko. Alde horretatik, Bilboko Kulturaren 2023-2033 Plan Estrategikoaren ekintza-ildoen barruan kokatzen da. Plan horrek kultura-eszena deszentralizatzea sustatzen du, hiriko auzoetara hurbiltzeko.
Sarrerak eta erreserbak
Jarduera guztiak doakoak izango dira lekua bete arte, Bilborock aretoan egingo direnak eta Free Tour-Bilbao emanaldiak izan ezik. Bilborock aretokoak bost euroko kostua izango dtute.
Bilborockeko ikuskizunetarako eta Free Tour Bilbao ikuskizunerako sarrerak Bilbao Kulturaren webgunean eta leihatilan salgai, emanaldia hasi baino 30 minutu lehenagotik.
San Frantziskoko Udaltegian eskainiko den “Domingo de gramos” film laburrerako gonbidapena jaso beharko da ordubete lehenagotik. Gehienez bi pertsona bakoitzeko.