Síguenos en redes sociales:

Ia 24.000 lagun batu dira Bilborganik sistema berrira

Inskripzioa beharrezkoa da 2026an hondakinen tasa berriaren osagai espezifikoan % 10eko hobaria lortzeko

Ia 24.000 lagun batu dira Bilborganik sistema berriraB. U.

23.833 pertsonak eman dute izena jada Bilboko Udalak hondakin organikoa kudeatzeko Bilborganik sistema berrian. Sistema horrek eredu bidezkoagoa eta jasangarriagoa bultzatzen du, nahitaez bete beharreko Europako eta Estatuko araudiekin bat datorrena. Udalak oraindik inskribatu ez diren herritarrak sistemarekin bat egitera animatu ditu.

Ereduaren ezarpena nabarmen ari da aurrera egiten. Inskribatutako guztietatik, 10.576 Bilbao Clickeko makinetan aurrez aurre inskribatu dira, 9.452 webgune ofizialaren bidez eta 3.805 mugikorreko aplikazioaren bidez.

Herritarrek hondakinen kudeaketa arduratsuagoarekin gero eta konpromiso irmoagoa dutelako ustean da Udala eta halaxe nabarmendu nahi izan du. Gainera, bizilagunek sistemara batzeko hiru bide dituztela gogorarazi du: Bilborganik mugikorreko aplikazioa, webgunea eta barrutietako hamabost udaltegitan egokitu diren guneak, Bilbao Kirolak-eko hamaika kiroldegiak, Azkuna Zentroa, Zabalgune Eraikina eta San Agustin bulegoak; horietan nahikoa da NANa aurkeztea.

2025eko abenduaren 31 baino lehen izena ematen duten pertsonek % 10eko hobaria jasoko dute ofizioz, 2026ko hondakin-tasaren zati espezifikoan.

Abantailak eta jarraipen pertsonalizatua

Izena eman ondoren, erabiltzaileek bi aukera dituzte: txartel fisiko bat – etxebizitza bakoitzeko bat – edo erregistratutako kideentzako txartel birtual bana. Txartel horiek aukera ematen dute edukiontzi marroian egindako ekarpenak erregistratu eta kontsultatzeko. Hori egitea ezinbesteko baldintza da 2027an % 20ko hobari gehigarri bat eskuratzeko. Hobari hori 2026an gutxienez 36 astez erabili izana egiaztatzen dutenei emango zaie.

Era berean, erabiltzaile berriek hondakin organikoa behar bezala bereizteko behar den materiala eskatu ahal izango dute (ontziak, poltsak...).

‘Bilbo zaintzea organikoa da'

Udalak ‘Bilbo zaintzea organikoa da’ kanpaina bultzatzen jarraitzen du, izen-ematea errazteko eta hondakinen kudeaketa konpromiso kolektiboa delako ideia indartzeko. Eskutitzak eta esku-orriak bidaltzeaz gain, InfoBilbao berezi bat banatu da - 155.000 ale- eta hainbat informazio-euskarritan agertu da kanpaina.