Síguenos en redes sociales:

Artxandako Anton jatetxeari berriz irekitzeko aukera emango dion administrazio-emakidaren lizitazioa hasi du Udalak

Jatetxea dagoen lurzatia Sondikako udalerrian dago, baina eraikina eta orubea Bilboko Udalarenak dira

Artxandako Anton jatetxeari berriz irekitzeko aukera emango dion administrazio-emakidaren lizitazioa hasi du UdalakB. U.

Aurrera doa Bilboko Udala Artxandako Aktibazio planarekin. Oraingo honetan, Anton jatetxe zaharrari berriz irekitzeko aukera emango dion administrazio-emakidaren lizitazioa hasi du, bere balioa nabarmentzea eta haren potentziala eta aukera ahalik eta gehien aprobetxatzeko helburuarekin.

Eraikina dagoen lursaila, Artxandamendi Bideko 3 zenbakia, Sondikako udalerrian dago, baina bai eraikina bai orubea –Topaleku Parketik oso hurbil– Bilboko Udalaren jabetzakoak dira.   

Anton jatetxea birgaitzeko proiektua faseka egiten ari da.  Egoeraren azterketa sakona egin ondoren, lehen faseari ekin zitzaion 2024aren amaieratik 2025aren hasierara bitartean. Fase horretan, eraikinaren zati bat eraitsi zen, egitura-arazoak zituelako

Horrela, eta higiezinaren egoera arriskuan jartzen zuten aldeak eraisten bukatutakoan, Udala emakida abiarazteko prest dago. Emakida horri esker, eraikina ustiatu ahal izango da, inguruneari eskaintza dinamizatzaile bat emango dion ostalaritza-eredu diferentzial eta osagarri baten bidez.   Eta halaxe onartu da gaur goizean bertan Gobernu Batzarrean.

Jarduera honetan, udalaren helburu nagusia antzinako jatetxea suspertzea eta bultzatzea da, eraikinak eskaintzen dituen aukerei etekina ateratzeko gai den ustiatzaile pribatu batekin lankidetzan, bertan proposamen gastronomiko bereizgarri, traktore eta Artxandan dagoenaren osagarri bat ezartzeko.    Eta ingurune horretan familia-aisia, egunekoa eta aire zabalekoa, sustatzeko urratsak egiten jarraitzea, horixe baita Aktibazio Planaren izateko arrazoia.

Emakidaren ezaugarriak

Jabari publikoko emakida bat izango da, hau da, adjudikaziodunari udal-eraikin bat modu esklusibo eta baztertzailean ustiatzeko eskubidea ematen dion emakida bat. Honela, adjudikaziodunari aitortzen zaio bere ezagutza, baliabideak eta esperientzia funtsezkoak direla kalitatezko proposamen bat garatzeko.

Udal-ondasun bat da, hiriko jarduera estrategiko batera bideratu nahi dena. Haren helburu nagusia ez da obra egitea, baizik eta Aktibazio Planean adierazitako helburuak lortzea. Horrela, emakidak aukera emango du ostalaritza-eredu bereizgarria, osagarria eta traktorea garatzeko zona honetarako, familia, bisitari eta herritarrentzat oro har, hiriko “birika berde” nagusietako bat den eremu batean. Izan ere, toki hau erreferentziazko lekua da, duen balio naturalagatik, paisaiagatik eta elkartzeko eta gozatzeko espazio gisa duen potentzialagatik.

Emakidak Anton eraikina hogeita hamar urtez erabiltzeko, obrak egiteko eta ustiatzeko baimena emango du.

Enpresa emakidadunak lanak egiteko proiektua idatzi beharko du, gehienez ere lau hilabeteko epean (kontratua sinatzen denetik), eta Bilboko Udaleko zerbitzu teknikoek baliozkotu beharko dute.  

Eta, ondoren, eraberritze-lanak egin beharko ditu, gehienez ere hamabi hilabeteko epean, Udalak zuinketa egiaztatzen duenetik hasita.

Topaleku parkearen ondoan dago eraikina, balio handiko ingurune natural batez inguratuta. Adjudikaziodun enpresak birgaitu egingo du. Enpresa horrek bermatu beharko ditu eraikinaren integrazioa paisaian, instalazioen modernizazioa, eta irisgarritasunaren, energia-efizientziaren eta jasangarritasunaren irizpideetara egokitzea.

Ustiapeneko lehen urterako ezarritako urteko gutxieneko kanona 15.000 eurokoa da (gehi BEZa). Enpresa lizitatzaileek gorantz hobetu dezakete kanon hori. Zenbateko hori adjudikaziodunak aurkeztutako eskaintzaren arabera eguneratuko da, eta KPIren arabera berrikusiko da emakidaren indarraldi osoan.

Aurrekariak

Eraikina beheko eta lehenengo solairuek osatzen dute, eta gutxi gorabehera 21 metroko luzera, 7,7 metroko zabalera eta gehienez 9,5 metroko altuera ditu. Bolumenagatik, bi isurkiko estalkia du. Gainera, eraikinaren inguruan eta lurzatiaren barruan, tamaina ertaineko hainbat zuhaitz dauzkan eremu libre bat dago.

1960ko hamarkadan eraiki zen, ziurrenik etxebizitza izateko. Hamarkada horren amaieran, 1969an, solairu biko eranskina gehitu zitzaion mendebaldeko hegalean, ostalaritzarako. Geroago –ez dakigu noiz–, solairu bakarreko beste eranskin bat egin zen hegoaldean, barrarekin eta sukaldearekin; eta, azkenik, 1970ean, eraikina azken handitzeari atxikitako eraikin batekin osatu zen, solairu bakarrekoa hori ere.

Iaz, Bilboko Udalak lehen jarduketa bat egin zuen eraikinean, mendebaldean eta hegoaldean erantsitako hegalak eraisteko; izan ere, forjatuen egiturazko ezaugarriak zirela eta, beharrezkoa zen guztiz berritzea.

Zati horiek eraisteko 230.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan zen. Eraispena etorkizuneko higiezinaren segurtasuna, iraunkortasuna eta egiturazko egokitzapena ziurtatzeko egin zen. Izan ere, eranskin horiek erabili nahi izanez gero forjatuak erabat sendotu behar ziren eta, orduko egoeran, ez zuten jasango pisu txikiko makineriarekin jarduketarik; ondorioz, kolapsatzeko arriskua zegoen.