Heldu da eguna. Asteazken honetan, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Gabonei hasiera emango die argien pizte tradizionalarekin. Ekitaldia 20:00etan izango da, 70 metro luze den soinu- eta argi-tunelaren ondoan.

Une horretan, 20:00etan, argiztatuko dira aldi berean hiriko lekurik enblematikoenak: Casilda Iturrizar parkeko tunela, Moyuako zuhaitz handia, Arriaga plazako, Indautxu plazako eta Basurtuko Osasun Langileen plazako zuhaitz handiak, Areatzako baso sorgindua, Udaletxeko eraikin nagusia, Emakumeen azaroaren 25eko plazako Olentzero eta Mari Domingiren figurak, Alde Zaharreko argiak, Kale Nagusiko argi urdinak… eta hiribilduko auzo guztietan banatutako 1.500.000 led argi baino gehiago.

Une berezia eta magikoa izango da oso, eta Alkatearekin batera udalbatza osatzen duten kideak ere izango dira, baita une berezi horretaz gozatzeko bertara hurbildu nahi duten herritarrak ere.

Gabonei hasiera emateko ekitaldiaren aurretik musika-ikuskizuna izango dugu Bilbotxeros Band taldearen eskutik, zeinek zazpi gabon-kanta eskainiko dituzten 19:25etik aurrera. Gainera, Iralabarriko San Antonio abesbatzako eta Kodaly Bilbao Musika Eskolako haurrek abesti bat interpretatuko dute Bilbotxeros Band-ekin batera.

Argiak piztu ondoren, Casilda Iturrizarreko argi-tunelean gabon-kanta hauek entzun ahalko dira: Hator hatorNavidad, navidad (Luis Miguel); White Christmas (Michael Bublé) eta Alaken. Asteazken arratsalde honetan, argiak pizteko ekitaldia dela eta, salbuespen gisa, 20:00etan joko dute, bertara hurbiltzen direnek entzun ditzaten.