Astearte honetan, azaroaren 4an, hasi eta abenduaren 9ra arte egongo da martxan 'Birziklatu!' izeneko kanpaina Bilbon. Udalak indarrak batu ditu Ecoembesekin birziklatzearekin daukan konpromisoan aurrerapauso bat emateko.
Hilabete batez, ingurumen-hezitzaile bi hiriko auzoetatik ibiliko dira, zalantzak argitzeko, informazio praktikoa eskaintzeko eta birziklatzeari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk gogorarazteko –batez ere, edukiontzi horiaren eta urdinaren hondakinei lotutakoekin–.
Ekipoa erakustoki ibiltari batean jarriko da, erraz ezagutzekoa izango dena, eta edozein pertsona hurbildu ahal izango da ikasteko, galdetzeko edo, besterik gabe, bere esperientzia partekatzeko.
Helburu horrekin, azaroaren 4tik abenduaren 9ra bitartean, ingurumen-hezitzaile profila daukaten pertsona bik hondakinen gaikako bilketari buruzko mota guztietako informazioa emango dute bertatik bertara, batez ere edukiontzi horiaren eta urdinaren hondakinei buruzkoa.
Helaraziko diren mezuen artean, funtsezko aholku batzuk nabarmentzen dira, hala nola:
- Ontziak dagokien edukiontzira eraman behar dira beti, zikin egon arren –esaterako kontserba-latak, jogurt-ontziak edo pizza-kutxak–.
- Ontzi txikiak ere garrantzitsuak dira: esneki postreen bilgarriak edo ontziak, besteak beste, behar den lekuan utzi behar dira.
Gainera, erakustokira hurbiltzen direnek kanpainaren photocallean argazki bat atera eta sare sozialetan partekatu ahal izango dute. Mezua zabaltzen laguntzen duten pertsonek opari txiki bat jaso ahal izango dute esker on gisa.
Ekimen horrekin, Bilbok aurrera egiten jarraitzen du hiri jasangarriago baterantz eta ingurumenarekin konprometituago dagoen hiri baterantz. Keinu txiki bakoitza garrantzitsua da, eta birziklatzea modu erraz eta ahaltsua da erantzukide izateko eta laguntzeko.
Ecoembes
Ecoembes irabazi-asmorik gabeko ingurumen-entitate bat da, estatuan plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko eginkizuna koordinatzen duena.
2024an, etxeko 1.560.404 tona ontziren birziklapena kudeatu zuen, aurreko urtean baino % 5,4 gehiago.