Síguenos en redes sociales:

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Amorebieta-Etxanora iritsiko dira lehen aldiz ostiralean

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Amorebieta-Etxanora iritsiko dira lehen aldiz ostiraleanAZKUE FUNDAZIOA

Azkue Fundazioak lehenbiziko aldiz eramango du Amorebieta-Etxanora dagoeneko zazpi urteko ibilbidea duen Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia. Ostiralean izango da, urriaren 24an, Zelaieta Zentroan, eta Amorebieta-Etxanoko bertako eta Durangoko bigarren hezkuntzako 200 ikasle bilduko ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gazteak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta euskara dira Xare jardunaldien zutabeak, eta horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu behinena ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi ditu gazteen artean.

Lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi da, eta gazteak, hartzaile kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasa daitezen. Era berean, plano digitalean ere pentsamendu kritikoa garatzeko tresnak eman nahi dizkie Xarek nerabeei.

Oraingoan, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Azkue Fundazioak babesten duten saioak Amorebieta-Etxanoko Zornotza, El Carmelo, Lauaxeta Ikastola eta Urritxe ikastetxeetako eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga eskolako bigarren hezkuntzako 200 ikasle batuko ditu.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko eta Azkue Fundazioko ordezkariek bertatik bertara jarraituko dituzte jardunaldiaren nondik norakoak, eta Xare ekimeneko lantaldeak 09:00etan Zelaieta Zentroan gazteei egingo dien harreran parte hartuko dute.

Gazteek hiru gune izango dituzte Zelaieta Zentroan: Ikas gunea (tailerrak), Era gunea (hitzaldiak) eta Jolas gunea. Bada, 09:00etatik 13:45era bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute.

Sei lantegi izango dituzte, lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko. Arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko bi hitzaldi interaktibo ere izango dira, eta Azkue Fundazioak sustatzen duen Memeka lehiaketan Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik parte hartzeko tartea izango dute, baita 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida bat ere.