Síguenos en redes sociales:

Hamairu auzotan piztuko ditu suak Bilboko Udalak San Juan gauean

Udalak herritarrei gogorarazten die garrantzitsua dela kontu handiz ibiltzea eta behar ez den arriskurik ez hartzea

Hamairu auzotan piztuko ditu suak Bilboko Udalak San Juan gaueanAsociación de Vecinos El Maño

Urtero bezala, Bilbok uriko hainbat auzotan piztuko ditu suak datorren astelehenean, ekainaren 23an, San Juan gauean. Aurten hamairu baimen eman ditu suak pizteko: Bilbo Zaharrean, Zorrotzan, San Ignazion, Deustun, Masustegin, Iralan, Abusun, Iturrigorri-Peñascalen, Erriberan, Matikon, Santutxun, Otxarkoagan eta Etxebarria parkean.

Era berean, Bilboko Udalak herritarrei gogorarazten die garrantzitsua dela kontu handiz ibiltzea eta behar ez den arriskurik ez hartzea. Esaterako, ohartarazten du galarazita dagoela likido suharberak edo leherkorrak erabiltzea suak pizteko, eta ke toxikoak eragiten dituzten materialak ere debekatuta daudela.

San Juan gaueko suei eragiten dieten lege-xedapen horiez eta erakundeek horri buruz emandako beste mezu batzuez gainera, Bilboko Udalak honako hau jakinarazten du:

  • Sua egiteko pilatzen diren materialek, erretzen hasi baino lehen, ez dute hiru metroko altuera gaindituko.
  • Materialak solidoak izan behar dira. Debekatuta dago likido leherkor edo sukoiak erabiltzea, eta kea eta/edo ke toxikoa sor dezaketen materialak ere bai (pneumatikoak, plastikoak, oihalgintzako olioak, gailu elektrikoak eta abar).
  • Bi motatako suak egon daitezke:
  • Su txikiak. Horietan, errekuntza hasi aurretik, materialen pilaketak ezin izango du 2 metroko altuera baino handiagoa izan, ezta 2 metroko diametroa baino handiagoa ere. Su horiek gutxienez 10 metroko segurtasun-distantziara jarri beharko dira edozein eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko edo mugikorretatik eta edozein motatako ibilgailutatik.
  • Su arruntak. Horietan, errekuntza hasi aurretik, materialen pilaketak ezin izango du 3 metroko altuera baino handiagoa izan, ezta 3 metroko diametroa baino handiagoa ere. Su horiek gutxienez 15 metroko segurtasun-distantziara jarri beharko dira edozein eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko edo mugikorretatik eta edozein motatako ibilgailutatik.
  • Gainera, suaren inguruan, eta jendea dagoen alderaino, 4 metroko edo gehiagoko segurtasun-perimetroa egon behar da, eta perimetro barruan sua zaintzen duten pertsonak bakarrik egongo dira.
  • Galarazita dago sua urbanizatutako zoladuraren gainean ipintzea, nahiz asfaltoa izan, nahiz lauzak izan.
  • Haize gogorra badago eta horrek sua kontrolatzea zailtzen badu, sua ez pizteko aukera aztertu beharko da. Haizeagatiko alerta meteorologikoa badago, galarazita egongo da sua piztea.
  • Heldu batek gainbegiratu behar du sua beti.
  • Ur-mahukak, sua jotzekoak edo su-itzalgailuak egon beharko dira suetatik hurbil.
  • Sua dagoen lekutik joan baino lehen, egiaztatu beharko da ez dagoela txingarrik pizturik. Ez da inoiz sua bakarrik utzi behar, guztiz itzalita ez badago.

Halaber, Bilboko Udalak laguntza eskatzen die herritarrei, baimenik ez duten edo aipatutako baldintzetakoren bat betetzen ez duten suak isiotu daitezela ekiditeko, Bilboko Udaltzaingoaren telefonoaren bitartez (092 edo 112).