Bilboko Udalak 64.592 euroko aurrekontua bideratu du Matiko Auzoko Jesús Insausti 'Uzturre' plazako haur-jolasen estalkia berritzeko. Aste honetan, zortzi asteko lanen ondoren, amaitutzat eman dira obrak.

Proiektuan, alde batetik, lehendik zegoen PVC kristalezko ehuna kendu da, klimaren eraginez nolabaiteko degradazioa baitzuen. Eta, bestetik, material desberdineko ehun berri bat ipini da, askoz ere iraunkorragoa eta beroarekiko, korrosioarekiko eta UV izpiekiko erresistenteagoa. ETFE (Etileno-TetraFluoroEtileno) izeneko materiala da, gaur egungo arkitekturan bereziki beiraren alternatiba arin eta garden gisa erabiltzen dena.

Zehazki, estaldura berriak lau pieza bereizi eta erdiko sabai-leihoa ditu –ETFE gardenezkoak, tratamendu berezi infragorriarekin–, eta lehendik dagoen egituraren gainean muntatu da. 

Gorte eta Gimnasio kaleen arteko plazako haur-jolasak

Bestalde, Bilboko Udalak Gorte eta Gimnasio kaleen arteko plazan (San Frantzisko auzoan) dauden haur-jolasak berritzeari ekin dio azken asteetan. Bukatu berri dauden lan horiek parte-hartze bidezko aurrekontuen barruan daude.

Obrek 98.278 euroko udal-inbertsioa jaso dute.

Proiektu honetan, kautxua kendu eta berria jarri da, jolasgunearen perimetroa mugatzeko eta jolas berrien oinarriak ipintzeko. Izan ere, aurretik zeuden zabu guztiak kendu eta berriak jarri dira haien ordez.

Jolasgunearen aurrean zegoen zoladura ere berritu da eta, lehen zeuden hamar eserlekuen ordez, banakako hogeita hamar aulki berri jarri dira.

Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontuak prozesu irekia da. Herritarrei aukera ematen die ideiak proposatzeko, Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat nola erabili erabakitzeko eta ekimenik onenak hautatzeko.