Datorren astelehenetik igandera bitartean, hau da, ekainaren 2an hasi eta hilaren 8ra arte martxan egingo da Bilbon ibilgailuen baldintza tekinikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina berria. Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan estrategikoaren barruan abiarazitako kanpaina honekin, Bilboko Udaltzaingoak oinezkoen zein gidarien segurtasuna bermatu nahi du, alkohol- eta droga-kanpainak edota gailu elektrikoen erabilera zaintzeko kanpainak egiten dituenean bezala.
Kanpaina honetan, arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila –batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru bustietan istripurik gerta ez dadin– eta, azkenik, argiak.
Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripuak saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.
Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz.
2024an egindako kanpainen datuak
2024an egindako halako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak 227 ibilgailu ikuskatu zituen. Ikuskapen horietan, zenbait salaketa jarri zituen: 76 salaketa IAT epe barruan ez egiteagatik, bi salaketa asegurua indarrean ez izategatik, salaketa bi egoera txarrean zeuden pneumatikoengatik eta, salaketa bat argien akatsengatik eta beste 13 salaketa bestelako arau-hausteengatik.