Bilboko Udalak 1.235.590 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, San Adrian auzoan dagoen Eretza Mendiaren kaleko espaloiak zabaltzeko. Lan horiek azkeneko zazpi hilabeteetan egin dira, eta dagoeneko amaitutzat eman ditu lanak. Eraberritze-lanen xedea izan da bidea irisgarritasunari buruzko araudira egokitzea eta inguru horretan dauden oinezkoen bideak hobetzea.
Espaloiak zabaltzeaz gainera, proiektu beraren barruan, oinezkoentzako pasabideak egokitu dira eta zoladura, zintarriak eta berritu beharreko zerbitzu-sareak berritu dira.
Zehazki, kaleko 1-25 zenbakien arteko zatian egin dira lanak, 110 metro luze den tarte batean, zeina zati bitan banatu baita. Lehenengo zatia Kanpazargana kaletik San Adrian kalerainokoa da, eta bigarrena, San Adrian kaletik Julia Meategiaren kalerainokoa da.
Orain amaitu diren obrek aukera eman dute espaloiak eremu osoan handitu ahal izateko. Zehazki, 3,60 metroko espaloiak egin dira albo bietan, zirkulazio-erreia estutu da eta ilarako aparkalekuak utzi dira.
Zolatze-lanak egiteko, Bilboko baldosa esaten zaien motako baldosak erabili dira, kolore grisekoak, eta, espaloiei errematea emateko, granitozko zintarria erabili da. Oinezkoen pasabideetan, norabide- eta ukimen-baldosak (botoiekin) jarriko dira, kolore gorrikoak. Eta baldosa horren berdinak ipini dira, baina kolore horikoak, autobus-geralekuan.
Bidearen sestra eta zeharkako maldak beren hartan utzi dira, irisgarritasun-parametroen barruan baitaude. Fresatze-lanak egin zaizkio lehendik dagoen errodadura-geruzari.
Argiei dagokienez, argien ordez LED motako beste batzuk jarri dira, fatxadetako argiak kendu dira eta argi-puntuak kalera jaitsi dira; aldaketa horiekin eremu horretako argiztapena indartu egin da. Gainera, urbanizazio berriarekin, argiteriaren kanalizazio guztia berritu da. Era berean, saneamendu- eta hornidura-sareak ere erabat berritu dira.
Auzokide Plana
Eretza Mendiaren kalean egindako lanak Auzokide Planaren barruan sartuta daude. Plan horrek hiriko auzoak hobetzea du helburu, eta, alde horretatik, 5. barrutiko (Ibaiondo) bizilagunek lehenetsita daude.