Bilbo, zilarrezko saria Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sarietan
Utrechek lortu du urrea Europako Batzordeak antolatutako sariketa horretan
Bilbok zilarrezko saria jaso zuen asteartean Europako Batzordeak antolatutako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sarietan. Sari horiek inklusioaren eta aniztasunaren arloko jardunbide onenak aitortzen, ikusarazten eta nabarmentzen dituzte, jardunbide horiek Europako beste herri batzuentzat inspirazio-iturri izan baitaitezke, diskriminaziorik gabeko gizarte inklusiboak sortzeko.
Hadja Lahbib Europar Batzordeko Nazioarteko Lankidetza eta Garapeneko komisarioak aurkeztu zuen sariak emateko ekitaldia. Hala, Bilbori saria ematean, hiriaren perspektiba intersekzionala, Balioen Agiria eta Bilbao Balioen Hiria proiektua azpimarratu zituen. 50.000 biztanletik gorako modalitatean, urrezko saria Utrechek (Herbehereak) irabazi zuen, eta brontzezkoa, Krakoviak (Polonia).
50.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakundeen kategorian, urrezko saria Mariehamnek (Finlandia) jaso zuen; zilarra, Usurbilek, eta brontzea, Settimo Torinesek (Italia).
Sariketaren helburua da aniztasuna sustatzen duten jardunbide onenak aitortzea, sexuari, adinari, desgaitasunari, LGBTIQ identitateari, erlijioari edo sinesmenei eta arraza- edo etnia-jatorriari dagokienez. Hain zuzen, aitortza egiten zaie aniztasuna aberastasun- eta berrikuntza-iturri gisa sustatzen duten, politika eta sistema inklusiboei laguntzen dieten eta herritar guztien arteko kidetasun-sentimendua bultzatzen duten jardunbideei.
Sari-banaketak hasiera eman dio Europar Batasunaren Aniztasunaren Hilabeteari, zeinaren bidez sentsibilizatu nahi baita aniztasunak eta inklusioak lan-eremuan eta gizartean duten garrantziaz.
Temas
Más en Bilbao
-
Bilboko Udalak 'Bilbao Konekta Ideiak' programaren irabazleak ezagutarazi ditu
-
Bilbok bat egin du Haurren Munduko Egunarekin
-
Denuncian el abandono de la parcela del Obispado en el Ensanche de Bilbao
-
En imágenes: Bilbao Ekintza presenta los proyectos de diseño realizados con empresas de Flandes dentro de la Bilbao Bizkaia Design Week.