Síguenos en redes sociales:

Zurbaranbarrin irisgarritasuna hobetzeko lanak bisitatu ditu Aburtok

Alkatearekin batera Asier Abaunza eta Kepa Odriozola zinegotziak egon dira

Zurbaranbarrin irisgarritasuna hobetzeko lanak bisitatu ditu AburtokB. U.

Bilboko Udalak 2,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du Zurbaranbarri auzoan berriki amaitutako irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko. Bada, astelehen honetan goizean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok obra horien emaitza ikusteko bisita egin du auzora. Alkatearekin batera Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzi Asier Abaunza eta Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzi Kepa Odriozola izan dira Zurbaranbarrin.

Igogailuak

Zurbaranbarri auzoa 2. barrutian dago, eta BI-631 errepidea du mugakide iparraldean eta ekialdean, eta Arabella etxaldea, hegoaldean eta mendebaldean. Auzoan, etxebizitza batzuek irisgarritasun zaila dute bai orografiagatik, mendi-hegalean baitaude, eta bai etxebizitza horien urbanizazioagatik ere, eraikin isolatuak baitira, blokean eraikiak, plataforma ia horizontaletan kokatuta daudenak zenbait mailatan.

Hori dela eta, Udalak bi igogailu berri horiek egin ditu, komunikazio-ardatz irisgarri bat sortuko baita era horretan auzoko plataformen artean. Izan ere, orain arte, eskaileretatik eta arrapala aldapatsuak baino ez zituzten auzoko malda handiak igotzeko eta jaisteko.

Udalak egin berri dituen igogailu horiekin, gutxi gorabehera 15 metroko desnibela gainditzen da.

Obrek 1.679.472,56 euroko aurrekontua izan dute, eta azkenengo urtean gauzatu dira.

Lehenengo igogailua Zurbaranbarri kaleko 37. blokearen ondoan dago. Igogailu horrek 6,86 metroko desnibela gainditzen du, eta 180º-ra jarritako bi sarrera-irteera izango ditu, eta tarteko geraleku bat ere bai, 37, 38 eta 39 zenbakiko atarietara sarbide zuzena emango duena. Igogailuaren goiko irteera eta orain dagoen bidea metalezko pasabide baten bidez lotuko dira. Pasabide hori 4,90 metro luze da.

Bigarren igogailuak 7,60 metroko desnibela gainditzen du, eta 36. eta 42. blokeen ondoan dago, bertan dagoen hormaren ondoan. Aurreko kasuan bezala, 180º-ko bi sarrera-irteera eta tarteko geraleku bat ditu, Zurbaranbarri kaleko 40, 41 eta 42 zenbakiko blokeei irisgarritasuna emateko.

Igogailu biei egitura-aldetik eman zaien irtenbidea izan da nukleo bertikal bat egitea beira laminatuz estalitako egitura metaliko baten bidez. Igogailuetan 13 pertsona sartu ahal izango dira, eta bideoz zainduta egongo dira eguneko 24 orduetan.

Auzoan irisgarritasuna hobetzeko beste lan batzuk

Zurbaranbarrin beste hiru igogailu egitea onartu zuen Gobernu Batzarrak orain dela gutxi, eta hiru igogailu horiekin lortuko da oinezkoentzat irisgarria izango den ibilbide bat osatzea, zeinari hasiera eman baitiote orain zerbitzuan jarri berri diren bi igogailuek.

Zehazki, egingo diren hiru igogailuetatik lehenengoa Zurbaranbarri kaleko 23. blokearen albo batean jarriko da. Bigarren igogailua lehenengotik oso hurbil egongo da, aipatutako 23. blokearen atzean. Eta, azkenik, hirugarrena gaur egun 30E eta 28 zenbakiko blokeak lotzen dituzten eskaileretan egongo da. Jarduketa-eremuaren gorengo eta beherengo alderdien arteko kota-aldea 15 metro ingurukoa da, eta kota-alde hori gaindituko dute proiektatutako igogailuek.

Haietarako, 2.543.462,19 euroko aurrekontua bideratuko da, eta gauzatzeko epea hamalau hilabete izango da.

Hala ere, igogailuak egitea ez da irisgarritasunaren arloan auzo horretan egin den lan bakarra, nahiz eta begien bistakoena izan. Handik oso hurbil, Zurbaranbarri kaleko 15 eta 20 zenbakien artean hobekuntza-lan batzuk amaitu zituen Udalak joan den urtearen amaieran. Bi ilaratan aurrez aurre antolatutako sei etxebizitza-eraikinetara iristeko, bide-tarte bat egin zen.

Lan horiek egin arte, atarietara barruko kale batetik egiten ziren sartu-irtenak –Zurbaranbarrira zeharka igarotzen zen kale batetik–, eta 7 metroko desnibela gainditu behar zen irisgarritasunari buruzko araudia betetzen ez zuten eskailera-tarte batzuetatik.

Obra amaituta, ukitutako sei atarietarako irisgarritasuna araudiaren arabera bermatu du Udalak. Eta hori lortzeko, sei zerrenda horizontal eta haiei dagozkien arrapalak sortu ditu, eskailerak erabili beharrik gabe sartu ahal izan dadin blokeetara. Eskailera horiek erabat berritu dira, baita hormak ere. Guztira 16 arrapala eta 5 eskailera-tarte egin dira.

Proiektu horretarako udal-inbertsioa 917.665,42 eurokoa izan zen (BEZa barne).

Mugikortasun bertikala

Bi igogailu berriak gehiturik, Bilbok baditu 77 elementu mekaniko martxan, kontuan hartzen baditugu bai igogailuak, bai arrapalak edo eskailerak.

Kopuru handi samarra da, eta laster beste hamar gehitu beharko zaizkio.

Gaur egun, lau gauzatzen ari dira:

  • Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, 4.492.331,68 euro;
  • igogailu bat, Urretxindorra ikastolaren ondoan, Miribilla eta San Adrian artean, 1.080.237,79 euro;
  • igogailu bat, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen artean, San Frantzisko auzoan, 3.089.962,83 euro.
  • Eta azkena Fika eta Iturribide kaleen artean (Santutxu)972.477,23 euro.

Adjudikatu berri diren bi proiektu, zeinen obrak laster hasiko baitira:

  • San Joaquin auzokoa (1.242.906,72 euro), Boluetan;
  • eta, Lezeagakoa, Masustegiko beheko aldean (628.743,65 euro).

Eta beste lau, lizitazio-fasean:

  • hiru Zurbaranbarri auzoan, 2.543.462,19 euro (BEZa barne).
  • Eta beste bat Bolueta eta Txurdinaga artean, 1.359.889,77 euro (BEZa barne).

Udala, guztira, 15 milioi eurotik gora inbertsioa bideratzen ari da irisgarritasun unibertsala lortzeko, martxan dauden proiektu guztiak kontuan hartuta.