Martxan da Bilboko Udalak 'Konekta Ideiak' programaren barruan abiarazitako GreenGlam moda jasangarria ekimenaren bigarren edizioa. Edizio honetan, programak GJHen arteko 12. helburuan ("Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak") jartzen du arreta, hausnartzeko zer-nolako eragina duen “moda azkarrak“ ingurumenean, gizartean eta ekonomian, eta zer-nolako erantzuna ematen dion horri “moda geldoak“, zeinak moda-kontsumo kontzientea sustatzen baitu, ehungintzaren etorkizun etiko eta orekatuagoa sustatzeko."

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak adierazi duenez, udal estrategiaren oinarria da "gazteek eta gazteentzat diseinatutako proposamenak sustatzea, proposamen horiek abian jartzeko aukerak eta baliabideak sortzea, eta gazteen ekintzailetza sustatzea".

Errotetaren hitzetan, "Bilbok, Nazio Batuen Tokiko Koalizioa 2030 ekimenaren egoitza den aldetik, garapen jasangarriaren esparruan erreferente bihurtzearen aldeko apustua egin du, eta helburu horretan, gazteek zeresan handia eta zeregin ugari dituzte. Gizarte-ekintzailetzari laguntzeko esperientziek erakutsi dute tresna ona direla berritzeko gaitasuna bideratzeko eta gazteak guztion onuran inplikatzeko. Horregatik jarri dugu martxan "Konekta Ideiak" programa, Bilboko gazteen talentuaren eta ekimenaren zerbitzutan. Programak Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren laguntza du, zuzendaritza horrek eta Udalak helburu berberak dituzte-eta.

Miriam Ocárizek bere esperientzia partekatuko du

Libe Kerroum eta Laura Marchante Bokashi Estudioko arduradunak dira eta beren gain hartuko dute bigarren edizio honen koordinazioa eta garapena. Proiektuari eskainiko diote biodiseinuaren, birsortze-praktiken eta ekonomia zirkularraren arloko alternatiben esperimentazioan eta zabalkundean duten esperientzia.

Izen-emateak –bai otsailaren 11ko solasaldirako, bai workshop-etarako eta proiektuen deialdirako– BilbaoGazte webgunearen bidez egin ahal izango dira.

Solasaldian honako hauek parte hartuko dute: Arantxa Esparza, lehenengo edizioko proiektuen deialdiaren irabazleetako bat; Miriam Ocáriz, diseinatzaile bilbotar ospetsua, sektorean 20 urtetik gorako esperientzia duena; eta Estela de Miguel, Markel Gonzálezekin batera H05 marka bilbotarraren "Hemen" proiektuko ekoizlea eta zuzendaria (proiektu horretan, janzkiak eta objektuak modu lokalean egiten dituzte).

Workshopak, otsailean eta martxoan, hauen ardurapean egongo dira: Miriam Ocáriz, Estela de Miguel eta Markel González (H05), eta Betiana Pavón diseinatzaile eta ikertzaile argentinarra, biofabrikazioaren arloan lan egiten duena, artea, biologia eta teknologia berriak uztartuz. Parte-hartzaileek moda jasangarriaren euskal sektorearen benetako esperientziak ezagutzeko eta lankidetzan ikasteko aukera izango dute. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, doakoak izango dira eta 17:00etatik 20:00etara egingo dira La Perreran.

Solasaldiaren lehen jardunaldiarekin batera, proiektuen deialdirako ekimenak aurkezteko epea hasiko da, martxoaren 21era arte.Deialdi irekia izango da, eta epaimahai aditu batek modaren eta jasangarritasunaren arloan lan egingo duten bi proiektu hautatuko ditu. Proiektuen aurkezpena esperientzia irekia izango da, eta parte-hartzaileek beren ideiak aurkeztuko dituzte, beste parte-hartzaile batzuekin sinergiak sortzeko aukera emanez. Hautatutako ekimenak gauzatzeko, 6 hilabeteko epea egongo da. Prozesu horretan, banakako laguntza izango dute. Estudio Bokashi-ren mentoretza eskainiko zaie, sektoreko profesionalekiko harremanak eta erreferentziak izango dituzte, eta 3.000 eurorainoko dirulaguntza jasoko dute proiektua garatzeko behar diren materialak finantzatzeko.