Gabonetarako hilabete bat baino gutxiago falta da, baina Bilbon dagoeneko senti daiteke urteko garai berezi hau. Asteazken honetan arratsaldean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, urian zehar sakabanatutako 1.500.000 led argiak piztu zituen. Argiak piztuta egongo dira egunero urtarrilaren 6ra arte, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 22:00etara.

Ekitaldi maitagarri hau leku berri batean egin zen: Casilda parkeko pergolan. Hain zuzen ere, bertan dago aurten Bilbok Gabonetako paisaiari gehitu dizkion bi argi- eta soinu-instalazio berrietako bat: argizko tunela.

Alkateak botoia sakatu zuenean, tuneleko argiak piztu egin ziren eta, gainera, datozen asteotan instalazio honek eskainiko dituen argi- eta soinu-ikuskizunetako lehena miresteko aukera egon zen, honako abesti hauek entzungai izango dituena: Hator hatorIt’s beginning to look a lot like Chritsmas (Michael Bublé) eta John Lennonen Happy Chritsmas.

Gaurtik aurrera, hilak 28, Casilda Iturrizar parkeko paseak 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean izango dira.

Aurtengo beste nobedadeetako bat Moyua plazako zuhaitz handia dugu. Hori ere, tunelak bezala, argia eta soinua izan ditu. Kasu honetan, argi- eta soinu-ikuskizunaren lehen pasea 21:00etan izan zen. Hator hator, El tamborilero eta Santa Claus is coming to town (Frank Sinatra) abestien erritmora argiztatuko da zuhaitza.

Argi- eta soinu-ikuskizunak, kasu honetan, gaur, hilak 28, hasi eta urtarrilaren 6ra arte, arratsaldero izango dira, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan.

Bi instalazio horiez gain, Gabonetako irudi tradizionalak bizi-bizirik egongo dira urian: Arriaga plazako zuhaitz izugarria, Areatzako baso magikoa, Kale Nagusiko argi urdinak, Olentzero eta Mari Domingi Emakumeen plazan eta Udaletxeko apaingarriak. Urrezko Balea Handia, iaz bezala, Udaletxearen parean egongo da. Halaber, zortzi barrutietan zehar jarri dira baldosak eta Gabonetako apaingarriekin dotoretutako 57 zuhaitzak.

Gogorarazi beharra dago Bilboko Udalak urteak daramatzala argiteria publikoan energia-efizientziaren alde egiten, eta, zehazki, Gabonetako argiekin. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da Udalak Gabonetan jartzen dituen argi eta apaingarri guztiak led motakoak direla.