Batzorde betearazlea eta batzorde tematikoak aktibatzea izan da asteartean arratsaldean ospatutako Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkuran hartutako erabakia. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendu duen ekitaldian Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiektuaren eguneraketaz eta Balioak Garatzeko Planaren (Bilbao Balioen Hiria) jarraipenaz jardun dute.
Bilboko Hiri Kontseiluaren udal erregelamendu organikoa aldatzeko proposamena izan da gai-zerrendako puntu nagusietako bat.Helburua da Kontseilua Batzorde Betearazlearen bidez dinamizatzea. Organo horrek proposatuko du estrategia eta berak koordinatuko ditu batzorde tematikoak, hau da, hiri-erronkei buruzko lan-mahaiak. Urtero, Batzorde Betearazleak, estrategikoki, bi erronka lehenetsiko ditu. Erronka horietarako, batzorde tematiko bana eratuko da, arlo akademikoan, profesionalean eta sozialean adituak diren pertsonek osatuta. Batzorde tematikoetan etorkizuneko erronka horiei aurre egiteko proposamenak eztabaidatuko dira.
Gotzone Zaldunbide Herritarren Arreta eta Partaidetzako zuzendariak Bilbao Balioen Hiria proiektuaren jarraipena egin du, orain arte garatutako ekintza nagusien berri emanez eta 2024-2027 urteetarako proiektuari lotutako estrategia berria eta jarduera-ardatzak azalduz. Bilbao Balioen Hiria proiektua azken urteotan garatzen ari da, eta hirian balio partekatuen esparru bat babestea, zabaltzea eta garatzea du helburu. Testuinguru horretan, Bilboko Balioen Agiriaren eta hari lotutako ekintza-planen kontsulta, jarraipen eta ebaluaziorako esparru egokia da Bilboko Hiri Kontseilua.
Gai-zerrendako beste puntu bat Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektua eguneratzeari buruzkoa izan da, Miguel Zugaza zuzendariaren eskutik.
Bilboko gizartearen ehun ordezkari inguru
Alkatearekin batera, Ibon Aresok parte hartu du, presidenteordea den aldetik, baita udaleko, gizarteko, ekonomiako, kulturako eta komunikabideetako ehun ordezkari inguruk ere.
Haien artean, Udaleko alderdi politiko guztien ordezkariez gain, Udaleko kontseilu sektorialen ordezkariak ere egon dira. Hain zuzen, erakunde hauetako ordezkariak izan dira kontseiluan: Kontseilu Berdea; Gizarte Zerbitzuen Kontseilua; Eskola Kontseilua; Lankidetzako Kontseilua; Berdintasunerako Emakumeen Kontseilua; Immigrazio Kontseilua; Plangintzako Aholku Batzordea; Bilboko Ondarearen Batzordea; 8 barrutietako kontseiluak; Euskaltzaindia; Euskadiko Gazteriaren Kontseilua; sindikatuak, CEBEK; Euskal Enpresarien Zirkulua; Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera; Bilboko Merkatarien Elkartea; Bizkaiko Ostalaritza Elkartea; Destino Bilbao Elkartea; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala; Bizkaiko Abokatuen Elkargoa; Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargoa; Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargoa; Bizkaiko Medikuen Elkargoa; UPV/EHU; Deustuko Unibertsitatea; Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko Foru Aldundia; komunikabideak; Bilboko Arte Ederren Museoa; Guggenheim; Euskalduna jauregia; Arriaga Antzokia; IMQ; Erruki Etxea; Portuko Agintaritza; ABAO; Nevipen; Labayru Fundazioa; Asfedebi; Fekoor; Nagusiak; Bilboko Eskualde Etxeen Federazioa; La Bolsa; BBK; Athletic Club. Horrez gain, hainbat pertsona ere izan dira, besteak beste: Ignacio Marco-Gardoqui, Pedro Luis Uriarte, José Ramón Bilbao, Gaspar Martínez, María Jesús Cava Mesa, Itziar Lazkano, Mercedes de Miguel, Carmen Mijangos eta Magdalena Mugika.
Bilboko Hiri Kontseilua
Bilboko Hiri Kontseilua aholku- eta eztabaida-organo bat da tokiko ekonomia-garapenari, uriaren plangintza estrategikoari eta hiri-proiektu handiei buruzko gaietan. Hori dela eta, ekonomia- eta gizarte-arloko erakunde, auzotarren elkarte eta erakunde profesional nagusien ordezkariek osatzen dute.Hiri Kontseiluan ehun bat pertsona daude, eta bere xede nagusia da erakundeen plataforma iraunkor bat sortzea, hiriarekin eta haren etorkizunarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Horretarako, hausnarketa bateraturako eta pentsamendu estrategikorako elkargune bat ezartzen da, hiriko gai publiko nagusiak kudeatzen laguntzeko eta horretarako euskarri izateko.