Joan den asteburuan ospatutako Open Bilbao nazioarteko jaialdiaren zortzigarren edizioak 24.000 lagun inguru bildu zituen. Bertan, uriko 72 espazioetara egindako bisita gidatuez gozatzeko aukera izan zuten, jaialdia egin dadin lagundu zuten 584 boluntarioei esker.
Zortzigarren edizio hau ‘Arkitekturen Jaialdia’ lelopean egin da eta, normalean jendearentzat itxita dauden edo ezezagunak diren eraikinak irekitzeaz gain, jarduera-zerrenda zabala programatu du, arkitektura egiteko modu berriak ikusarazteko: eguneroko arkitekturak, ikusten ez diren arkitekturak, arkitektura femeninoan, arkitektura zaintzaileak...
Hainbat jarduera izan dira, hala nola erakusketa, solasaldia, tailerrak, ibilaldi kritikoak eta familiako ibilbideak, zine-foruma... Oso harrera ona izan dute. Izan ere, parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izan da, programaren aniztasunari eta eduki berriari dagokienez.
Izena eman behar zuten jarduera guztiek plazak agortu dituzte, eta interes gehien piztu dutenak honako hauek izan dira: arkitekturako obra eta estudioetara egile-bisitak, zine-foruma eta ‘Emakumeek hiria egiten dute’ jardunaldia.
Open House arkitektura-jaialdi bat baino gehiago da; herritarrek, arkitekturaren eta hirigintzaren bidez, euren hiriaren inguruko kontzientzia har dezaten aukera bat da. Ekitaldi honen bitartez, arkitektura eta hirigintza ezagutzera ematen dira eta publiko zabal baten aurrean jendarteratzen dira, parte-hartzea ahalbidetuz.
Antolatzaileak
"Open House Bilbao" OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldi bat da. OUT irabazasmorik gabeko elkarte bat da, bertokoa, hiri-berrikuntzan, arkitekturan eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitektoek eratua.