Bilboko Udalak 3.989.206,57 euroko aurrekontua bideratuko du Rodríguez Arias kalea osorik berritzeko proiektuko obren bigarren fasea egiteko. Lanak aste honetan hasiko dira Telesforo Aranzadi eta Rodríguez Arias kaleetan. Maximo Aguirre eta García Riveroko tarteak, aldiz, datorren urtearen hasieran burutuko dira. Exekuzio-epea 8 hilabetekoa izango da
Bilboko Udalak Rodriguez Arias kalea osorik berritzeko proiektuko obren bigarren fasean jasotako lanak aste honetan hasiko dira. Proiektu horri buruzko Infobilbao bat argitaratu du Udalak. Horren 27.000 ale inprimatu dira Abandoko barrutirako, eta datozen egunetan hasiko dira postontzietan sartzen.
Lanen fase honek Rodríguez Arias kaleari eragingo dio Elcano kaletik Recalde zumarkaleta bitartean, eta orobat Telesforo Aranzadi kaleari, García Rivero eta Máximo Aguirre kaleei; azkeneko kale bioi, Poza Lizentziatutik Rodríguez Arias kalera bitartean. Guztira, 6.800 metro koadro.
Gaur egun, eremu hori honela banatuta dago: % 44 oinezkoen gunea da, eta % 56 errepideko zirkulaziorako gunea da. Obrak amaitutakoan, oinezkoen gunea % 62ra arte handituko da (guztira, 4.200 metro koadro).
Recalde zumarkalearen eta Campuzano plazaren artean dagoeneko amaituta dagoen lehen faseko obrarekin bat etorriz estetikari eta funtzionalitateari dagokionez, Bilboko Udalak espazio hori hobetzen jarraituko du, hiriari irudi berritua, modernoa eta dotorea emateko, asmoa baita hura orokorrean Abando eta Indautxu bitarteko merkataritza-korridore gisa sustatzeko bultzatzea, eta Kale Nagusiko merkataritza-gunearen osagarri izatea.
Helburua da, beraz, kalitatezko hiri-eremu berri bat sortzea, bertan paseatu, berriketan jardun, atseden hartu eta erakusleihoen esperientziaz gozatu ahal izateko, betiere inguru horretako bizilagunen bizimoduarekiko oreka hautsi gabe eta begirunez jokatuz.
Proiektua etorkizunera begira ere egin da, bete beharreko premisatzat jarririk hiri erdiguneko kaleak konektatzea eta Abandoko geltokitik, oraingotik eta batez ere etorkizunekotik –lurpeko intermodaletik– etorritako pertsonen fluxuak biltzea.
Proiektuak eragingo dien lau kaleetan, sekzioak aldatu egingo dira zabaleran, baina profila eta erabilerak berdin banatuko dira.
García Rivero kalea
Jarduketa-eremua García Rivero kalea izango da, 100 metro inguruko tartea. Tarte horrek 15 metroko zabalera izango du eta honela banatuko da: erdiko errei bat, 3,50 metroko zabalera izango duena, eta albo bietan espaloiak, 5,70 metrokoak.
Plataforma bakarrekoa izatera igaroko da, eta horren ondorioz ibilgailuen zirkulazio-kota oinezkoen kotarekin berdinduko da.
Aparkalekua kendu eta terrazak bertan utziko dira arbola berriekin eta bankuekin tartekaturik.
Máximo Aguirre kalea
Fase honek 95 metroko zati bati eragingo dio. Haren zabalera 15 metrokoa da eta honela banatuta dago: erdiko errei bat, 3,5 metroko zabalera izango duena; paraleloan aparkatzeko gune bat, 2,30 metrokoa, zirkulazio-noranzkoaren eskuinaldean, eta zabalera desberdineko espaloiak (bata, 4,85 metrokoa, eta bestea, 4,2 metrokoa).
Aparkatzeko errei erreserbatua gaur egun bertan dagoen taxi-geralekurako planteatu da; taxi-geraleku hori mantendu egingo da, beraz, baina alde batetik bestera aldatuko da.
Hemen ere plataforma bakarra izango da, ibilgailuen zirkulazio-kota oinezkoen kotarekin berdinduta egongo da. Arbola berriak jartzea pentsatu da, eta farolekin eta bankuekin tartekatuko dira.
Telesforo Aranzadi kalea
97 metroko luzera duen tartea. Haren zabalera 15 metrokoa izango da eta honela banatuta egongo da: erdiko errei bat, 3,5 metroko zabalera izango duena; paraleloan aparkatzeko gune bat, 2,30 metrokoa, zirkulazio-noranzkoaren eskuinaldean, eta espaloiak, zabalera desberdina izango dutenak, bata, 3,13 metrokoa, eta bestea, 2,8 metrokoa.
Zamalanetarako guneak, garaje-sarbideak eta moto- eta bizikleta-aparkalekuak ez dira kenduko.
Hemen ere plataforma bakarra izango da, ibilgailuen zirkulazio-kota oinezkoen kotarekin berdinduta egongo da.
Zabalera handiena duen espaloian, landareak jarriko dira jardineretan, eta jardinera horiek kaleko argiekin tartetatuko dira.
Rodríguez Arias kalea
Lanak Recalde zumarkaletik Elcano kalera bitartean egingo dira, gutxi gorabehera 114 metroko luzerako tarte batean.
Tarte horren zabalera 15 metrokoa izango da eta honela banatuta egongo da: erdiko errei bat, 3,5 metroko zabalera izango duena; paraleloan aparkatzeko gune bat, 2,30 metrokoa, zirkulazio-noranzkoaren eskuinaldean, eta espaloiak, zabalera desberdina izango dutenak, bata, 5,7 metrokoa, eta bestea, 3,35 metrokoa.
Zati horrek, gainerakoek ez bezala, zintarri goratua izango du.
Espaloi bikoitian ez dira kenduko bertan dauden arbolak. Espaloi bakoitian, berriz, landaredia birlandatu egingo da eta espaloia handitu egingo da arbola berriekin; beraz, arbola berri horiei beste kokapen bat emango zaie, fatxadatik bereizita, oinezkoen gune zabalagoa sortzeko.