Ostegun honetan goizean, maiatzaren 9an, Bilboko Udaleko Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak hurrengo ekitaldirako udal-tasen eta -zergen proposamena aurkeztu egin du talde politiko guztien aurrean, batzordean. Besteak beste, gobernu-taldeak ordenantza fiskalen aldaketa onartu du, katastro-balioetara eta kaleen sailkapen fiskal berrira egokitzeko. Ordenantza horiek 2025ean jarriko dira indarrean.
Zinegotziak azaldu du udalaren helburu nagusia presio fiskal egokia mantentzea dela, urian kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko. Oraingo honetan, bi errealitate garrantzitsuk eragiten diote proiektuari:
- Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den katastro-balioen berrikuspena.
- Bilboko Kaleen Sailkapen Fiskal berria, indarrean dauden zazpi kategorien ordez bost kategoria fiskal aurreikusten dituena.
Katastro-balioen berrikuspena 2025ean islatuko da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta Udal-gainbalioa arautzen dituzten ordenantza fiskaletan, bai eta estolderia-tasaren ordainagirietan ere.
Kaleen sailkapen fiskal berria, berriz, Jarduera ekonomikoen zergaren (JEZ) eta zabor-tasa, establezimenduak irekitzeagatiko tasa eta bide publikoa okupatzeagatiko tasak arautzen dituzten ordenantza fiskaletan islatuko da.
Gainerako tributuetan ez da aldaketarik egongo 2025ean: Ibilgailuen gaineko zerga, EIOZ eta TAO tasa, besteak beste.
Katastro-balioak berrikustea
Berrikuspena Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari da, eta indarrean dauden katastro-balioak -2016an onartu eta 2017an aplikatu ziren- egungo merkatu-balioetara eta HAPO berrira egokitzeko balio du. 2025eko urtarrilaren 1ean indarrean sartzen direnean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) Estolderia tasan eta Gainbalioan aplikatu behar dira.
Katastro-balioetan % 4,5 inguruko igoera orokorra espero bada ere, berrikuspenaren eragina ez da homogeneoa izango erabilera guztietan, ezta Bilboko barruti eta auzoetan ere.
- OHZn, katastro-balio berriak 2024an indarrean zeuden zerga-tasekin zuzenean aplikatzeak gehikuntza ekarriko luke kuotetan, batez ere bizitegi-erabilerako higiezinen gainekoetan. Eragin hori arintzeko, zerga-politikaren irizpideetan oinarrituta, zerga-tasa guztiak progresibitatearen eta ahalmen ekonomikoaren irizpideak aplikatuta doitzea erabaki da. Horrela, 2025ean zergaren bilketaren igoera orokorra % 1,97koa izango litzatekeela kalkulatu da. Ordainagiriei dagokienez, espero da ordainagirien % 53tan 2024an baino kuota txikiagoak izatea; % 39etan kuotan handiagoak izatea eta % 8tan ez dela aldaketarik izango. Bizitegi erabilerako higiezinen kuotak, hau da, etxebizitzenak, % 2,15 igoko lirateke. Tasa orokorra aplikatzen zaien 154.000 etxebizitzen ordainagirien batez bestekoa 180 eurokoa izango litzateke, 177 eurokoa izan beharrean. Eragin ekonomikoa, gutxi gorabehera, 1,16 milioi eurokoa izango dela kalkulatu da.
- Estolderia-tasari dagokionez, indarrean dauden tasak mantenduko dira, eta, ondorioz, ez da Ordenantza Fiskala aldatuko, kuotetan espero den aldaketa ez baita esanguratsua. Batez besteko ordainagiria 28 €-tik 29 €-ra igaroko litzateke.
- Gainbalioan, lurzoruaren katastro-balio berriak zuzenean aplikatzeak 2025ean izango lukeen eragina konpentsatzeko, zerga-tasa % 20tik % 17ra murriztea proposatu da.
Bilboko kaleen sailkapen fiskal berria
Bilboren errealitatea nabarmen aldatu da, batez ere auzoetan, Udalak inbertsio handiak egin baititu ekonomikoki eta sozialki kohesionatuagoa dagoen uria lortze aldera. Horiek horrela, sailkapen fiskal berrian uriaren errealitatearen aldaketa hori islatuko da. Horregatik, egungo 7 kategoria barik, 5 kategoria proposatzen dira.
Bilboko kaleen indize fiskal berria datorren urtean islatuko da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ), Zaborren Tasaren, Irekitze Tasaren eta Bide Publikoa Okupatzeagatiko Tasen Ordenantza Fiskaletan.
- EJZn, 7 kale-kategoria barik 5 egotearen ondorioz, 2025eko kuotak guztira, % 5 igoko direla kalkulatu da. Zerga hori ez 2020tik eguneratu. Eragin ekonomikoa, gutxi gorabehera, 500.000 eurokoa da.
- Zaborraren Tasan, kaleen sailkapen fiskal berria zuzenean aplikatzeak kuotak % 21 inguru handitzea ekarriko lukeenez, eragin ekonomikoa arintzeko, Udalak % 10eko muga proposatu du 2025eko kuotak igotzeko. Horrela, batez besteko ordainagiria 132 €-koa bazen 2024an, 135 €-koa izango da 2025ean. Eragin ekonomikoa, gutxi gorabehera, 600.000 eurokoa da.
- Establezimenduak irekitzeagatiko tasari dagokionez, Ordenantza Fiskala 7 kale-kategoria izatetik 5era egokitzeak kuota handitzea ekarriko du kalea edo kale-zatia kategoriaz igo den kasuetan.
- Espazio publikoa okupatzeagatiko tasari dagokionez (obrako elementu lagungarriak, espaloiko pasabideak, mahaitxoak, eta abar), Ordenantza Fiskala 7 kale-kategoria izatetik 5era egokitzeak kuota handitzea ekarriko du kalea edo kale-zatia kategoriaz igo den kasuetan. Mahaitxoen kasuan igoera hori bereziki garrantzitsua izan daitekeenez, Udalak murrizketa batzuk aplikatzea proposatu du, igoera hain handia ez izateko. Tasa % 5, % 10 edo % 15 murriztuko da kalea kategoria bat, bi edo hiru sustatu denaren arabera. Eragin ekonomikoa, gutxi gorabehera, 750.000 eurokoa da.
Diru-bilketa moderatua
Proposatutako aldaketekin tratamendu espezifikoa eta bereizia eman nahi zaie eragindako zergei, betiere zerbitzu publikoen kalitateari eustea eta karga fiskaletan oreka egokia izatea helburu, hartara Bilbok zerga eta tasa oso moderatuak dituen kapitala izaten jarrai dezan. 2025ean, aldaketa horien ondorioz, 3,4 milioi euro inguruko bilketa handiagoa aurreikusten da, % 1,7 gehiago 2024ko zerga bilketa aurreikuspenen aldean (191 milioi euro inguru).