Bilboko Udalak bat egingo du ostegun honetan, maiatzaren 9an, mundu osoan ospatuko den Bidezko Merkataritzaren egunarekin. Hori dela eta, 'Bidezko Merkataritzak on egiten dio mundu osoari' lelopean, sentsibilizazio-jardunaldi bat prestatu egin dute Indautxu plazan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

Ekimen horren bidez, aldarrikatzen da bidezko merkataritzako kafea, kakaoa, azukrea, tea edo arropa gehiegizko lan-baldintzen aurka borrokatzen direla eta ingurumena errespetatzen dutela. Produktu horien kontsumoaren onurak hobeto ezagutzeko, kontsumo arduratsu eta jasangarriko produktuak saltzeko eta informazioa emateko mahaiak, munduko eta Bidezko Merkataritzako jokoak, eta "Ahaldunduak: Bidezko Merkataritzako Emakumeak" erakusketa egongo dira.

'Ahaldunduak. Bidezko merkataritzako emakumeak' erakusketa

"Ahaldunduak: Bidezko Merkataritzako Emakumeak" erakusketa Udalak ekoiztu du Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundearekin eta Bilboko zenbait GKErekin lankidetzan. Erakusketak gaztelaniazko eta euskarazko 22 panel dauzka, eta Indian, Nikaraguan eta Marokon Bidezko Merkataritzaren estandarren pean lan egiten duten emakumeen bizipenak azaltzen ditu. Arratsaldean zehar, bisita gidatu batzuk egongo dira erakusketan.

Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria 2012tik aurrera

Bilbo Bidezko Merkataritzaren aldeko Hiria da 2012. urteaz geroztik, eta hori GKEek, saltoki txikiek, ikastetxeek eta Udalak berak merkaturatzea hedatzeko eta horrela Hegoaldeko herrietan inpaktu positiboa izateko egindako lanari esker lortu da. Bidezko merkataritzaren aldeko hiri izateak berekin dakar udalerri-eredu jakin bat bultzatzea, Bidezko Merkataritzako ekoizleen talde txikien errealitatea eta produktuak herritarrengana hurbiltzen dituena, sektore publikoaren bidez eta merkataritza-, ostalaritza-, enpresa-, hezkuntza- eta elkarte-sarearen bidez.

Udalak, 1996az geroztik, Bidezko Merkataritza eta kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatzen dituzten ekintza eta proiektuak antolatzen eta laguntzen ditu.

Gainera, Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren Laugarren Plan Zuzentzaileak (2022-2030), besteak beste, bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzea du helburu, GGKEekin eta beste udal sail batzuekin lankidetzan.

Bilboko Bidezko Merkataritzako lantaldea honako elkarte hauek osatzen dute: Proclade-Yanapay, Asociación Adeco, Setem Hego Haizea, Oxfam Intermon, Kidenda eta Fundación Vicente Ferrer.