Bilbao Basketek etxean jokatzen dituen partida guztietan ohi bezala, Bilbobusek linea berezi bat jarriko du igande honetan, martxoaren 24an, uriaren erdialdetik Bilbao Arenara joateko. Honekin, Bilboko Udalak zaleen artean garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du. Behin-behineko linea hau Plaza Biribilaren ingurutik abiatuko da.

Horrela, bada, Bilbao Basket – Baskonia partidua dela eta, 17:00etan, E7 linea Plaza Zirkularretik 10 minuturo irtengo da partida hasi baino ordubete lehenagotik Bilbao Arenara (hau da, 16:00etatik aurrera). Partida amaitzean, bestalde, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Bestalde, partiduaren ondorengo minutuetan, 30, 71, 75 eta 76 autobus lineek ibilbidea aldatuko dute, erabiltzaileei hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzu bizkorragoa emateko. Horretarako, Askatasuna/Parkean beste geltoki bat egingo dute Zabalburu / Hurtado Amezaga norabidean. 

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.

Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo udal-webgunean, Bilbobusen atalean.