Harrera bikaina izan dute Bilbon Olentzerok eta Mari Domingik
Urtero bezala, harrera bikaina izan dute Olentzerok eta Mari Domingik larunbat honetan gauean Bilbon egindako kalejiran. Bihar gauean milaka opari utziko dizkiete umeei, eta dagoeneko den-denak prest dituzte.
Aitzitik, hori baino lehen, zain zeuzkaten ume guztiak agurtu gura izan dituzte. Eta laguntzaile-segizio batekin egin dute hori, Bilbon zehar Moyua plazatik Arriaga antzokiraino egin duten kalejira magiko eta bizian, berdintasuna, elkartasuna, bizikidetza eta ingurumenarekiko errespetua bezalako balioak zabalduz.
Haien eskutik, Bilboko kaleak musika-, kolore- eta akrobazia-festa bihurtu dira, adin guztietako pertsonentzako ikuskizuna. Gainera, aurten pertsonaia berriekin etorri dira, hala nola "Gutu" herensugea, azken orduko gutunak jasotzeaz arduratu dena, eta Galtzagorri Nagusia, koadrillako galtzagorri handienetako bat.
Segizioan, Olentzero bere egurrezko pottoka handiaren gainean joan da, Mari Domingi bere antzararen gainean, Basajaun trizikloan eta Lamia bere pertikan. Azken hori, gainera, ikuskizunaren ahotsa izan da. Guztiak batera hiru ipurtargi erraldoik gidatuta iritsi dira Arriaga Antzokira.
Salbatzaile dantza-taldearen fanfarrea lagun izan dute, estreinako aldiz, Euskal Herriko hainbat txokotako folkloreko pertsonaiekin. Gainera, "Marikastaña" figura aurkeztu dute.
Arriaga Antzokira iritsita, Olentzeroren musika-bandak antzerkiz, musikaz eta kolorez beteriko ikuskizuna eskaini du, zirkuko eta Zuberoako inauterietako tradizioak konbinatzen dituzten arropaz jantzitako pertsonaiekin.
Bertan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak ongietorria eman diete hirira pertsonaia magikoei, eta beraiekin igo dira Arriaga Antzokiko balkoira, jendea agurtzera. Gero, atseden hartzeko etxeratu dira, eta bihar agurtzera hurbildu nahi duten haurrak hartuko dituzte.
Harrera Arriaga Antzokian hilaren 24an, goizez
Bihar, igandea, abenduak 24, tradizioak agintzen duenez, Olentzerok eta Mari Domingik euren eskutitzak eta nahiak aurrez aurre eman nahi dizkieten Bilboko haurrak hartuko dituzte, Bilboko etxe guztiak bisitatu aurretik.