Gernika, Toledo, Zaragoza eta Kordoba izango dira Ithaka talde gipuzkoarraren hurrengo geralekuak. Horrela erabaki egin du Bilboko Udalak antolatutako VillaSoundBilbao jaialdiaren hirugarren edizioko epaimahaiak. Lau kontzertuko bira hau 2023ko azken hiruhilekoan egingo da, azaroaren 3an hasi eta abenduaren 29an amaituta konkretuki.

Emanaldi horietako bakoitzean, Ithaka taldeak izen handiko banda batekin joko du: Belako, El Txef A eta Apartamentos Acapulco. VSB TOUR biraren helburua da hautatutako taldearen eta haren talentuaren proiekzioa sustatzea eta beste hiri batzuetako talde gazte emergente batzuekiko harremanak eta sinergiak eragitea.

Bilboko Udalak 2020ko urrian jarri zuen abian VillaSoundBilbao jaialdiaren lehen edizioa. Hirugarren edizio honetan, zenbait fase izan dira: lehenengoan, VillaSoundBilbao Fest egin zen, eta Bilborocken kontzertuak egin zituzten hasiera batean hautatutako 12 bandek; bigarrena VillaSoundBilbao Mentoring fasea izan zen, non 12 talde horietako 6 hautatu baitziren formazioa eta laguntasun profesionala jasotzeko (Julen, Nko, Lova Lois, Sofia V, Marban, eta, jakina, Ithaka); hirugarrena eta azkena, VSB Tour bira da, eta fase honek itxiko du jaialdiaren hirugarren edizioa.

VSB Tour 2023

Kontzertuen datak eta lekuak itxita daude:

  • Azaroaren 3a, barikua –Toledo/ Círculo del arte: Belako + Ithaka
  • Azaroaren 25a, zapatua – Zaragoza / Sala Z: Apartamentos Acapulco + Ithaka
  • Abenduaren 10a, domeka – Kordoba / Sala Hangar:  Belako + Ithaka
  • Abenduaren 29a, barikua – Gernika (Astra): Ithaka + El Txef A