Urtero bezala, urriaren 11ko ospakizuna dela eta, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin die gaur, bezperan, Bizkaiko Gozogileen Anaitasunari eta Gozogintzako Lanbide Eskolari. Ekitaldian, ohi moduan, Begoñako Tarta jendaurrean aurkeztu egin dute.

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoa topaketa eta dastaketarako ekitaldi honen eszenatoki bihurtu da hamazazpigarren aldiz, eta bertan izan dira, besteak beste, Elena Espeso Bizkaiko Gozogileen Alkartasuneko gerentea, Nadia Angulo (Don Manuel Gozotegia), Asier Zorita (Felipe Gozotegia) eta Jone Marcaida (Leku-Ona Gozotegia), baita Gozogintzako Lanbide Eskolan irakasle dabiltzan Victor de Castro eta Jon Erezuma eta lehen eta bigarren zikloko hogei bat ikasle ere.

Ondoren, Aburto Alkateak Begoña Tartaren zatiak banatu ditu Bizkaiko Gozogileen Anaitasunari eta Gozogintzako Lanbide Eskolari egin ohi zaien urteko bigarren harrera honetan parte hartu duten pertsonen artean. Lehenengo harrera ekainean egin ohi zaie, Hiriaren urteurreneko ospakizunekin bat eginik.

Begoña Tartaren jatorria, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak 90ko hamarkadaren hasieran deitutako lehiaketa batekin lotuta dago. Ehun proposamen inguru aurkeztu ziren, eta irabazlea contreau edo ronarekin mozkortutako bizkotxo-tarta izan zen, hiru geruzaz osatua: bata, pralinezkoa palletearekin (barkillo zatikatua); bigarrena, esnegainezkoa, eta azkena, pralinezkoa gurinarekin. Hori guztia, boilur-geruza fin batean bilduta eta Begoñako Basilikaren silueta glass azukrez marraztuta.

2003an, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak Begoña Tarta aurkeztu zuen Bilboko Udaletxean, eta harez geroztik, Begoñako Andra Mariaren omenezko ospakizunen irudietako bat bilakatu da.