Arte-zaharberritzailea den lagun batek inoiz kontatu dit denbora luzez, aurrekontu bat eskatzen ziotenean, merezi zuena baino gutxiago eskatzen zuela. Lotsa ematen zion gehiegi eskatzen ari zela pentsatzeak. Horregatik, beti eskatzen zuen eskaintza bat egin ziezaioten, eta, oro har, eskaintza handiagoa izaten zen berak eskatuko lukeena baino. Gehiago baloratzen zuten besteek berak bere burua baino.

Ez gara beti ohartzen gure lana baloratu behar duen lehen pertsona gu geu garela. Geure burua errespetatu, errespeta gaitzaten. Horrela esan zion behin musika talde batean ibiltzen zen lagun bati bere aitak zenbat kobratzen zuten kontatu zionean: gutxi eskatzen duzue, beraz, txarrak zarete.

Pertsona bakoitzaren balioa, ordea, ez da soilik dirutan neurtzen, baita arretan ere. Norbaiti mezu bat idatzi diozunean eta erantzuten ez dizunean, edo mezu luze bati oso motz erantzuten dizutenean, edo zelan dagoen galdetzen diozunari sekula ez zaionean bururatzen zuri ere galdetzea zelan zauden… Batzuetan sentitzen dugu ez gaituztela merezi bezala baloratzen, edo, gutxienez, ez gaituztela tratatzen errespetu eta arreta nahikoarekin.

Eta hor zalantza dator: zer egin behar dut halako kasuetan? Ba aukera bat izan daiteke aurrekontu garesti bat aurkeztea, nire lagun zaharberritzaileren adibidearen kontra. Norbaiti idatzi badiozu eta ez badizu erantzun, ez utzi pasatzen, jarri zure balioa agerian, eta erakutsiozu zuk ez duzula halako ghostingik merezi eta arazoa berea dela, ez zurea; edo zelan zauden inoiz galdetzen ez dizunaren kasuan, saiatu ez galdetzen gehiago zelan dagoen, ea zerbait aldatzen den. Agian orduan hasiko zaizu arreta eskaintzen.

Ez dago soluzio magikorik, pertsona bakoitzak aurkituko du erantzun egokiena egoera bakoitzerako, baina ondo dago noizbehinka gogoratzea gure balioaren zati bat geure buruari ematen diogun balioaz neurtzen dela. Izan ere, nire lagun musikariaren aitak esaten zuen bezala, gutxi eskatzen baduzue, txarrak zarete.