Duela egun batzuk lagun bati argazki bat bidali nahi izan nion. “Bidali selfie normal bat”, esan zidan, eta nik, konfiantza osoz, mugikorreko galeria ireki nuen. Bi minutu geroago oraindik hatzarekin scroll infinitua egiten nenbilen, nire existentziaren froga grafiko baten bila. Ezer ez. Nire mugikorrean ni ez naiz existitzen. 14.000 argazki ditut gordeta: alabaren lehen txangoa, bigarrenaren lehen erorketa, eta sekula berriro aurkitu ez dudan taberna bateko tortilla pintxo baten argazkia. Baina ni? Ni non nago? Agertzen naizen gutxietan, gainera, ama moduan ateratzen naiz beti: haur bat besoan, bestea zintzilik eta aurpegia “gaur ez dut eserita bost minutu jarraian egoterik izan” espresioarekin. Bikotekidearekin argazki bat bilatzen hasi nintzen gero. Eta ondorioa gogorra izan zen: ezkondu ginenetik ez dugu ia froga grafikorik elkarrekin jarraitzen dugula erakusteko. Egia da ez naizela mila argazki egiten dituen horietakoa. Ez dut brunch-aren argazkirik ateratzen, ezta kafearen aparrari bihotzik bilatzen ere. Askotan hainbeste bizi dut momentua, pasatzen denean esaten dudala: “Ai, ez dugu argazkirik egin!”, baina agian hori ere ederra da, ez? Sare sozialetan irakurri nuen esaldi bat datorkit burura: gora inork ikusi ez dituen argazkiak eta inork jakingo ez dituen momentuak. Eta bai, agian nire galerian ni apenas agertzen naiz, baina egia esanda, bizi… nahiko bizi naiz.Ez dut dena argazkitan harrapatu, baina dena ondo bizi izan dut. Argazkirik gabe ere, nire memoria nahiko beteta doa.
- Multimedia
- Servicios
- Participación