Oinez ibili eta bertan egoteko erabilerak sustatu nahi direnez, Bilboko Udalak espaloiak zabaltzeko obrak hasi ditu aste honetan Madariaga etorbidean, Deustun, Agirre Lehendakariaren etorbidetik Rafaela Ybarra kalerainoko tartean.

Obra hori Auzokide Planean aurreikusita dago eta 1.056.634,92 euro (BEZa barne) xedatuko dira proiektu horretarako, eta aurreikuspenen arabera zortzi hilabeteren buruan amaituko da.

Kalea gaur egun eratuta dagoen moduan, gune berezi bi nabarmentzen dira obra egingo den tartean:

Zatirik luzeena, Rafaela Ybarra kaletik Heliodoro de la Torre kaleraino luzatzen dena. Zati horrek 20 metroko zabalera du eta bertan norabide bakarreko zirkulazio-errei bi ditu.

Zati horretan, ibilgailuen zirkulaziorako errei bat kendu, eta 3,50 metroko errei bakarra geratuko da aurrerantzean. Horri esker, espaloiei 6,10 metroko zabalera eman ahal izango zaie atari bikoitien aldean, eta 6,20 metrokoa bakoitienean.

Gainera, espaloien lerrokatze berriarekin bat datozen irtengune berriak egingo dira, oinezkoen pasabideetan eta kale perpendikularrekiko elkarguneetan.

Galtzadaren sestra espaloiko kotaren arrasean jarriko da, plataforma bakar bat sortuko da maila berean, eta galtzadaren erabilera partekatua izango dute ibilgailuek eta oinezkoek, era horretan zirkulazioa baretzeko.

Beste alde batetik, Heliodoro de la Torre kaletik Agirre Lehendakariaren etorbidera doan tartean ere jardungo da. Norabide bakarreko zirkulazio-errei bi daude hori ere, eta ilarako aparkalekuak daude eskuineko aldean, eta zeharkako aparkalekuak ezkerrekoan.

Tarte horretan, espaloiak zabaldu egingo dira, eskuinetara zein ezkerretara guztira 5,50 metro inguruko zabalera lortu arte.

Zirkulazio-errei biak ez dira kenduko, baina bai murriztuko da bakoitzaren zabalera 3,5 metrora, eta zamalanetarako aparkalekuetarako eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat erreserbatutako aparkalekuetarako lerro bat utziko da (atari bakoitien aldean).

Arbolak bertan utziko dira eta beste dozena bat arbola eta zuhaixken moduko beste espezie batzuk landatuko dira; gainera, gutxi gorabehera 270 metro koadro berdegune gehiago izango dira parterreetan

Obraren jarduketa-eremuaren barruan dauden ostalaritza-terraza guztiak espaloien kanpoko ertzera eramango dira.

Horrez gain, eremuko zerbitzu-sareak berrituko dira (hornikuntza, saneamendua, argiteria, zuntz optikoa…), jarduketa-eremu osoko zoladura berrituko da, eta hiri-altzari berriak jarriko dira.