Bilboko Udalak martxan jarri du 'Zurrumurruen aurka, sartu aterpera' lelopean egingo den Kontakizun Laburren Lehiaketaren zazpigarren edizioa. Parte hartu nahi dutenek euren lanak igo ahal izango dituzte udalaren webgunera irailaren 1etik 30era bitartean. Ekimen honen helburu nagusiak aurreiritziak murriztea eta diskriminazioa prebenitzea dira, herritarrak inplikatzeaz eta pentsamendu kritikoa sustatzeaz gain.
Lehiaketak bi hizkuntza-modalitate ditu: euskara eta gaztelania, eta modalitate bakoitzeko lehen eta bigarren sari bat emango dira. Gainera, Bilbon bizi diren egileentzako ere Bilbao Saria jasotzen du deialdiak. Bestalde, lehiaketaren edizio berri honetako 10 irabazle eta finalisten kontakizunekin argitalpen bat egingo da. Horrez gain, irakurketa publikoak ere antolatuko dira, jorratutako gaiei buruzko topaketa, elkarrizketa eta sentsibilizazioa bultzatzeko.
Zurrumurruen aurkako Estrategiak sormenezko idazketa tresna moduan erabiltzen du Bilbon immigrazioaren inguruan dauden aurreiritziei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre egiteko. Udalaren agenda politiko eta sozialean modu positiboan eragiteaz gain, urteen poderioz eta deialdiak aurreko edizioetan izandako erantzunaren ondorioz, immigrazioari eta aniztasuneko bizikidetzari lotutako narratiba berriak sortzeko aukera ematen du lehiaketak.
"Sartu Aterpera!" lanaren helburua migratzaileen irudikapen berriak sortzea da, topikoak apurtzea sormenez berregiteko, iraultzeko eta parodiatzeko, egoera aldatzen saiatzeko. Deialdiaren gaia zurrumurruen aurkako proiektuaren eduki eta balioei estu lotuta dago: bizikidetza, kulturartekotasuna, aniztasuna, arrazakeriaren aurkako borroka, estereotipoak, aurreiritziak, zurrumurruak, identitatea, errespetua, elkarrizketa, aniztasunaren abantailak eta ekarpenak.
Bestelako ekitaldi paraleloen programazioa
Aurten ere, zurrumurruen aurkako literatur topaketak antolatuko dira Azkuna Zentroko Mediatekan aurreko edizioa oinarritzat hartuta. Hori horrela, aurreko edizioko kontakizun irabazleak eta finalistak irakurriko dira bertan.
Zurrumurruen aurkako Pintxo Pote literario bat ere egingo da, hau da, Zurrumurruen aurkako Estrategiari atxikitako ostalaritza-establezimenduetan egingo den auzo-topaketa. Kontakizunak aitzakia ezin hobea izango dira lehiaketaren gaiei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa sortzeko: aurreiritziak, estereotipoak, kulturartekotasuna eta aniztasuneko bizikidetza. Sentsibilizazio-ekimen hau Bilbo Kulturarteko Hiria III. Planaren barruan dago.