Pixkanaka-pixkanaka aurrera doaz Zorrotzaurreko lanak. Oraingo honetan, Bilboko Udalak identifikazio-plakak instalatu egin ditu bai Galletaginen etorbidean, baita Zamaketari etorbidean ere.

Galletaginen etorbidea uhartearen arteria nagusia da, eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du hura. Zorrotzaurreko erriberako iparraldeko muturrean hasten da eta Frank Gehry zubiaren hegoaldeko muturrarekiko elkargunean amaitzen da. Luzera eta ezaugarri egituratzailea dituenez gero, etorbide gisa konfiguratuko da. Udalak plaka bi jarri ditu etorbidearen hasieran, hurrengo egunetan joan-etorrietarako zabalduko den tartean.

Galletaginen etorbidearen eta Frank Gehry zubiaren arteko elkargunean hasten da Zamaketari kalea, eta Galletaginen etorbidean amaitzen da. Honako honetan lau identifikazio-plaka jarri dira kale osoan, bi mutur banatan.

Izen berriekin portu-eremuan lan egin zuten emakumeak gomutatu nahi dira, Zamaketari kalearen kasuan, eta Artiach galleten fabrika zaharrean aritu zirenak, Galletaginen kalearen kasuan.

Bi izen berri horiek Bilboko kale-izendegian sartu izana Deustuko barrutiko auzo-erakundeekin izandako parte-hartzearen emaitza da, eta horrela, 2020ko urriaren 29ko Osoko Bilkuran aho batez onartutako konpromisoan aurrera egitea ahalbidetzen du: “urian hemendik aurrera garatzen diren kale, plaza, etorbide, berdegune edo beste edozein azpiegitura berri andrazkoen izenekin izendatzea, izen horiek proposatzeko eta hautatzeko herritarren partaidetzarako kanal bat etengabe erraztuz”, proposamen bat aurkeztu dute.