Igande honetan Bizkaiko hiriburutik irtengo den Frantziako Tourra sustatzeko ospatutako 'L'Étape Bilbao by Tour de France' ekimenak harrera bikaina izan du. Antolatzaileen arabera, ekimenak zeukan helburu bikoitza bete egin du: zaleei ekitaldia hau hurbiltzea eta horren berri ematea, eta Frantziako Tourraren irteera herritarren artean zabaltzea.

Gozamenezko aurpegi irribarretsuak izan dira San Mameseko zabalgunean, irteera baino minutu batzuk lehenago, 1.950 zikloturistak iritsi ahala. Tropel horia protagonista nagusi bihurtu da, tropel profesionala gure errepideetatik igaro baino egun batzuk lehenago.

Martxa hasi aurretik, zinta moztu dute. Bilboko Udaletik, Juan Mari Aburto alkatea bertaratu zen, Xabier Ochandiano eta Amaia Arregi zinegotziekin batera. Ekitaldian parte hartu zuen, halaber, Markel Irizarrek, Trek Segafredo taldeko arduradunetako batek, talentuen detekzioan eta garapenean.

Juan Mari Aburtorentzat txirrindularitza proba hau egiteak Tourraren emozioa hirian bizitzen hastea ekarri du. Ekitaldi honek lan asko suposatu du eta festa handia izango da hirian. Bilboko Udaleko alkatearen iritziz, ia 2.000 zale horien esperientzia baliagarria izango da, gainera, Grand Départ Pays Basque-rako proba pilotu gisa eta Frantziako Tourraren mugarri nagusiak aktibatzeko. Tourra nazioarteko kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, Bilbo eta Euskadi munduko mapan jarriko dituena.

8:00etan, antolatutako 3 erronketako bat hasi dute 1.950 zikloturistek: Official 185km, Medium 157km edo Lite 124km. Official distantziak, Frantziako Tourreko 1. Etapako ibilbide berdinekoak, Bizkaiko lurraldearen zati handi bat zeharkatu du, Leioa, Getxo Sopela, Urduliz, Bakio, Bermeo, Mundaka, Forua, Gernika, Ereño, Muxika, Lezama, Zamudio, Derio eta Sondika bezalako herrietatik igaroz, Etxebarria Parkera helduz.

Ibilbidean zehar hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira, hala nola Ziortza Villa, Ultradistantziako Europako txapelduna, Virginia Berasategi, distantzia luzeko triatloiko Europako eta munduko txapelduna, Samuel Sánchez, 2010eko Frantziako Tourrean Zilarra eta 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan Urrezko Domina; eta Joseba Ruiz Martínez, txirrindulari profesional ohia Kas eta Lotus Festina taldeetan ibilitakoa 1986tik 1991ra (bakoitzean hiru denboraldi).

13:00etan hasi dira iristen lehen parte-hartzaileak, ibilbide laburrena egiten dutenak. Helmugan Bilboko Udaleko Xabier Ochandiano, Amaia Arregi eta Álvaro Pérez zinegotziek eta Frantziako Tourreko arduradunetako bat den Clément Zech-ek L 'Étape Bilbao By Tour de France-n parte hartu izana aitortzeko domina eman diete.

Arratsaldean zehar, gainontzeko partaideek, eszenatoki horian ateratako argazkiarekin, amaiera eman diote Grand Départ Pays Basque ibilbideari, beraien dominekin batera.

Txirrindularitza zale guztien ametsa betetzea besterik ez da falta, gure hiri, herri eta errepideetan Frantziako Tourraz gozatzeko aukerarekin.