114 plaza libre eta barne-sustapenerako beste 24 plaza izango ditu Bilboko Udalak 2023ko ekitaldi honetarako abiaraziko duen lan-eskaintza publikoak (LEP). Asteazken honetan goizean, maiatzak 10, onartu egin da lan-eskaintza publiko berri hau martxan jartzea, Gobernu Batzordearen asteroko bileran.

Euskararen erabilerari dagokionez, oposizio libreko 114 plazetako 91k nahitaezko hizkuntza-eskakizuna izango dute, hau da, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea lanpostua lortzeko baldintza izango dela. Gainerako 23 plazetan, berriz, hizkuntza-eskakizuna ez da nahitaezkoa izango.

Era berean, 4 plaza gordeko dira desgaitasunak dituzten pertsonentzat. Horrela, 2023ko lan-eskaintza publikoarekin, plaza kopuru osoan kolektibo horrentzat gorde beharreko % 2 gaindituko da: udal plantillaren 2.466 plazetatik, 52 eskainiko zaizkie.

Hauek dira eskainitako kategoriak

Lan-eskaintza publiko honetan eskainiko diren 114 plazek honako hauek biltzen dituzte: 59 udaltzain; 3 suhiltzaile; administrazio orokorreko teknikari bat; 2 arkitekto; ingeniari bat; albaitari bat; agronomia-ingeniari bat; drogamenpekotasuneko teknikari bat; 3 arkitekto; gizarte-langile bat; enpresa-erizain bat; 12 administrari; 3 delineatzaile; obretako inspektore bat; liburutegi-laguntzaile bat; laborategiko laguntzaile tekniko bat; informatikako laguntzaile tekniko bat; automozioko laguntzaile tekniko bat; ofizioetako 9 ofizial, eta 11 menpeko.

Barne-sustapeneko 24 plazetatik 22 agente lehenarenak dira, eta, beste biak, suhiltzaileen kaboarenak.