Euskararen Interpretazio Zentroak guztiz eraberrituta zabaldu ditu bere ateak ama hizkuntzen nazioarteko egunaren testuinguruan. Horrela, Irulegiko eskuaren brontzezko plakaren proto-euskarazko lehen esaldien berri ere ematen du. Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe dagoen guneak euskararen bizitasuna erakusten du eduki interaktiboz osatutako 150 metro karratuko bisitaren bitartez. Iaz 2.000 bisitari inguru izan zituen guneak (irailera arte bakarrik egon zen zabalik) euskara modu atsegin eta irekian ezagutzeko aukera ematen du. “Zentro honek euskararen gainerako hizkuntzentzako erreferentzizko zentroa bilakatu nahiko luke”, adierazi du Unai Rementeria ahaldun nagusiak San Inazioko Euskararen Etxean kokatuta dagoen gunearen inguruan. 

Bere esanetan, 2019an iragarri zuten zentroa erabarritzera zihoazela eta “hitza bete” dute. Horren emaitza da “euskararen bizindarra eta hizkuntzaren izaera inklusiboa erakusten duen zentro berria”. Bisita interaktiboa eskaintzen du, euskararen transmisioa, historia, aniztasuna eta bizitasuna erakusten ditu. “Baita etorkizunerako ditugun erronka potolo horrek ere”, argitu du Rementeriak. Zentroa diseinatuta dago Bizkaiko herritarrek eta lurraldea bisitatzen dutenak ere euskararen esperientzia “berritzaile, erakargarri, eta, batez ere, aberatsa izan dezaten”. Horrela, euskarak beste hizkuntzei egin dizkien maileguen berri ere izan dezake bisitariak: esaterako, izquierda, chavola edo aprobechategui hitzei testuingurua emanez. 

“Euskarak, beti esaten dugu, batu egiten gaitu, eta gehitu egiten du. Zentro honetan bisitariei hizkuntzen inguruko gogoeta egitera, inplikatzera eta euskararekin jolastera gonbidatzen zaie”, azaldu du ahaldun nagusiak, hiru konpromiso berretsi ostean: “Alde batetik, konpromiso pertsonala, euskara ahalik eta gehien erabiltzea eta ahal den toki guztietan. Konpromiso instituzionala, erakunde publiko garen heinean, herritarrei eta herritarrekin batera erabiltzeko aukerak ugaritzea. Eta konpromiso soziala, euskara eta euskaraz duguna erakustea, egin dugun bidea erakustea irudi erreala eskainiz eta euskara erakargarriagoa eginez”.