Síguenos en redes sociales:

Adikzioak prebenitzeko plan berria aurkeztu du Bilboko Udalak

Ostegun honetan goizean, abenduak 29, aurkeztu egin du Bilboko Udalak 2023 eta 2026 bitartean aplikatuko duen Adikzioak eta Drogamenpekotasunak Osoko Prebenitzeko VI. Udal Plana, familiei formazioa emateko eta sentsibilizatzeko helburuarekin. Yolanda Díez alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak egin du aurkezpena.

Agirian, Plana indarrean egon den joan deneko lau urte honetan Udalak arlo horretan izan dituen konpromisoak agertzen dira, eta, halaber, udal-mailan adikzioen arloan gauzatzen diren programen eta ekintzen multzo ordenatu bat jasotzen da.

Yolanda Díez Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko alkateorde eta zinegotziaren esanetan, "plan aktibo eta gertuko bat da, eta bat dator Udalaren I. Osasun Plana 2019-2023 delakoarekin eta Adikzioen eta Drogomenpekotasunen Arreta Integralerako Legearekin. Planak, bere ekarpenekin, komunitatearen parte hartze aktiboa eragin nahi du, eta babes-faktoreak indartu eta arrisku-faktoreak gutxitu, populazio-multzo batzuei eta besteei eta haien beharrizanei egokituz".

Planean jasota dauden jardunen azken xedea da drogen eta apustu-jokoen abusuek duten eragina eta prebalentzia gutxitzea, eta halaber adikzio-jokabideekin zerikusia duten ondorio txarrak.

Plana egiteko, bereziki baloratu da aurreko Adikzioei buruzko V. Planean ikasitakoa, eta, gainera, 2022 osoan zehar parte hartzeko prozesu bat gauzatu da, zerikusia duten gai batzuetako eta besteetako adituek parte hartu dutelarik. Horren guztiaren ondorioz, VI. plana onetsi zuen atzo Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak.

Aurreko Adikzioen Planarekin asko ikasi genuen VI. Plan hau egiteko orduan. Aurreko plan hartan, aurreikusitako jarduketen % 97 gauzatu genituen; izan ere, orduko hartan, 14.580 ikaslek parte hartu zuten, 57 ikastetxetatik (Bilbon diren ikastetxeen % 80), eta 1.742 pertsonak, familiei dagokien arlotik. Jardueretan, 535 helduk eta ia 2.000 gaztek parte hartu zuten, eta gizarte-bazterketako egoeran zeuden 410 pertsonak.

VI. plan hau egiteko prozesuan, arazo honek gure inguruan ageri duen egoerari buruzko datuak analizatu dira, bai eta epidemiologia-inkestetan batutakoak ere.

Lan horien ondorio nagusien artean aipatu behar da gai guztien kontsumoa jaitsi dela, salbu eta psikofarmakoena, zeintzuen kontsumoa handiagoa baita emakumeen artean, eta tabakoa eta alkohola direla oraindik ere gairik kontsmituenak, eta, aldiz, kalamua dela legez besteko gaien artean kontsumituena eta normalizatuena. TaHauteman da, orobat, jokoaren eta sare sozialen erabilera gehitzen ari dela apurka-apurka, eta gai adikzio-eragileen kontsumoa, oro har, handiagoa dela gizonen artean emakumeen artean baino.

Datozen lau urteetan, adikzioak prebenitzeko jardunak egingo dira Bilboko udalerrian, lan hauen ondoriozko diagnostikoaren arabera. Hona hemen jarduteko ildo nagusiak:

  • Lau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleentzako prebentzio-programei eutsi eta eguneratzea.
  • Familientzako formazio- eta informazio-baliabide askotarikoak sortzea.
  • Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeentzako eta gazteentzako prebentzio-jardunak indartzea.
  • Gizarte-bitartekariak gaitzea, dela nerabeen eta gaztetxoekin ibiltzen direnak, dela pertsona heldu adkitiboekin ibiltzen direnak.
  • Drogen erabilera dela eta, gazteek erabakiak arduraz har ditzaten sustatzea.
  • Adikzioak dauzkaten pertsonak gizarteratzea bideratuko duten programak sustatzea.
  • Ausazko jokoek arazoak eragiten dituzten kasuetan zerikusia duten arriskuak saihesteko eta gutxitzeko jarduerak eragitea.

Jarduketa hauen hartzaileak 5 kolektibo izango dira. Nerabeena da ugariena, jarduketa guztien % 30 inguru haientzat dira. Umeak ere kontuan izaten baditugu (% 15), ikusiko dugu parte-hartzaileen ia erdia (% 45) adingabeak izango direla.

Bestetik, gazteak guztien % 16 baino apur bat gehiago izango dira. Gainera, kolektibo espezifikoak % 21 baino gehiago izango dira. Gainerakoak, biztanleria orokorra, % 16,6 izango da.

Plan hau abian jartzeko zereginean, Udalaren sei sailek parte hartuko dute. Jardunen % 20 inguru Sail baten baino gehiagoren artean gauzatzekoa da. Jardun horien erdian ia, hau da, 40 jardunetan, Osasun eta Kontsumo Saila izango da aitzindari. Gizarte Ekintzako Sailak 17 jardun sustatuko ditu, eta 9 Herritarren Segurtasunaren Sailak; beste 7, Gazteria eta Kirol Sailak, 4 Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Sailak, eta beste bi jardun, berriz, programa osatuz, Berdintasun Sailak egikarituko ditu.

Planaren garapena koordinatu eta ebaluatzeko, Sail arteko Udal Batzorde Tekniko bat eratu da, eta Osasun eta Kontsumo Saila izango du aitzindari. Batzorde horrek, hala, aurreikusitako jardueren urteroko jarraipen bat egingo du, eta, eginkizun hori amaitzeko, azken ebaluazio bat emango du 2026an.