Bilbotarren artean euskararen erabilera sustatzeko ahaleginean aurrera darrai Bilboko Udala. Oraingo honetan, Darabilbo programaren edizio berri bat jarriko du martxan. Programa ostiralean hasiko da, hilak 4, goizeko 10.00etan, Dolaretxe auzoan eskainiko den tupper sex tailer batekin.

Ostegunean, hilak 10, Berbagunearen ekintzarekin lotutako tailer bat izango da Miribillan.

Igandean, hilak 13, bi jarduera izango dira; batetik, kirola eta natura Urkiolaren inguruko orientazio-jarduera batean batuko dira, eta, bestetik, txirrindularitzarekin lotutako jarduera bat egongo da.

Ostegunean, hilak 24, bi bisita gidatu egingo dira, bata goizez eta bestea arratsaldez, Arte Ederren Museoan.

Hurrengo egunean, ostiralean, hilak 25, kakorratz-tailer bat egingo da Iralako udaltegian.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago Darabilboren web orrialdean.

Ekimenotan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Darabilboren webgunean, darabilbao@gmail.com helbide elektronikoan edo 607 530 132 telefono-zenbakian. Gainera, telefono-zenbaki horretan bertan, nahi duenak bere ideiak proposa ditzake.

Darabilbo

Darabilbo programa Bilboko Udalaren eta Bilboko Euskaltegien Sarearen proiektu bat da, aisialdian eta dohainik euskararen erabilera sustatzeko xedea duena; euskara hobetu nahi dutenentzat edo, besterik gabe, euskaraz dibertitu nahi dutenentzat da.

Darabilbo 2013an abiatu zen eta, harrezkero, askotariko jarduerak sartu ohi dira programan. Jarduerak taldean egiten dira, urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta barruti guztietan.

Doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da Darabilboren web-orrian izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).