Azaroaren 17tik 18ra bitartean, 'Green Digital Conference' izeneko topaketa ospatuko da Bilbon, Bilbao European Encounters ekimenaren barruan antolatutakoa. Topaketa honetan adituek trantsizio digitalean ingurumen-ikuspegi jasangarria jasotzeko beharrari buruz arituko dira.
Nazioarteko hizlariek hartuko dute parte ekimenean, eta trantsizio ekologikoak, energetikoak eta digitalak bat egiteko beharrari buruz hausnartuko dute, Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Agenda 2030ean aurreikusitakoak betetzeko.
Antolatzaileek diotenez, «adimen artifiziala eta ekonomia digitala, oro har, jasangarri gisa aurkezten badira ere, errealitatea da baliabide- eta energia-kontsumo handia eragiten dutela. Sare eta produktu elektronikoen ekoizpenak beste kontsumo-ondasun batzuena gainditzen du; datuak hodeian konputatu eta biltegiratzeko zentro handiek CO2 isurtzeengatiko aztarna handia dute, eta haien elektrizitate-kontsumoa altua da. Beraz, premiazkoa da trantsizio horiek bateratzea, erakundeen, enpresen, ikerketa-zentroen, hirugarren sektoreko organizazioen, eta, oro har, herritarren arteko lankidetza adimentsuaren bitartez».
Bi egunetan zehar, eta maila goreneko hizlarien eskutik, erronka global horretan jarriko dute fokua, arreta jarriz, era berean, trantsizio ekologiko eta digitalaren arteko sinergiei, jardunbide on eta txarrei...Horretarako, ekimenak eremu akademikotik, enpresa-mundutik, erakundeetatik eta herritarren eremutik (herritar antolatuak eta herritarrak, oro har) etorritako gonbidatuak egongo dira.
Gainera, ekimenaren ondorio gisa, «Bilboko Adierazpena (2022)» gauzatzea espero dute, «digitalizazio jasangarri eta berde baten alde, eta teknologia digitalak klima-larrialdiari aurre egiteko erabiltzearen alde».
Egitaraua
Lehen jardunaldia azaroaren 17an izango da, Azkuna Zentroan, 10:00etatik 18:30era. Digitalizazioaren eta trantsizio ekologikoaren arteko konplizitateak eraikitzeari buruz, eta digitalizazioaren eta deskarbonizazioaren alorreko jardunbide on eta txarrei buruz ariko dira, besteak beste. Hizlari hauek hartuko dute parte: Fiachra O’Brolchain eta Narmine Abou Bakari (Green European Foundation), Andrés Ortega Klein (Ideien Behatokia), eta Daniel Innerarity Globernanceren zuzendaria, zeinak humanitateen alorreko Ramón Menéndez Pidal Ikerketa Saria jaso berri baitu. Dagoeneko eskuragarri daude egun horretarako doako izen-emateak eta egitaraua, hemen.
Bigarren jardunaldia azaroaren 18an izango da, BBK Kunan, 10:00etatik 14:00etara. Egun horretan, ekitaldi hauek egingo dituzte: Carme Artigasen (SEDIA) eta Ricardo de Querolen (El País) arteko solasaldia; trantsizio jasangarri eta bidezkoei buruzko mahaingurua, Raquel Jorge Ricart (Elcano Institutua), Fernando Valladares (MNCN-CSIC) eta beste kide batzuekin, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eta Eider Inunciaga BBK Kunaren zuzendariaren parte-hartzea. Horrez gain, arratsaldean, herritarrentzako zenbait tailer egongo dira, eta Beers & Politics saio bat ere bai. Honezkero eskuragarri daude azaroaren 18rako doako izen-emateak eta egitaraua, hemen.
Bilbao European Encounters ekimenari buruz
Europar Batasunak zenbait tresna politikorekin erantzun zion 2008an hasitako krisi finantzario eta fiskalari («seiko paketea» delakoa, Europako Itun Fiskala eta abar), eta Batasunaren arazo larrienetako batzuk arintzea lortu zuen. Hala ere, 2013an, kontu garrantzitsuak zeuden, oraindik, erantzunik gabe. Are gehiago: krisiak kontrolaezina ematen zuen. Gainera, estatukide batzuen iritzi publikoa kezkatuta zegoen EBren beraren esanahiari eta bere integrazioari buruz.
Bilbao European Encounters jardunaldiak 2013an jaio ziren, bi helbururekin: lehenengo eta behin, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida aberastea, Bilbo bihurtuz tokiko mailan, estatuan eta nazioartean ospetsuak diren akademiko eta adituen topagune, Europari buruz gogoetatzeko eta Europaren erronkak aztertzeko; eta, bigarrenik, Europari buruzko eztabaida herritarrei zabaltzea. Bada, zortzi ediziotan zehar EBren erronkei buruz aritu eta gero, aurtengoan digitalizazioan eta erronka energetiko eta klimatikoan ardaztuko da Green Digital Conferencea.