Erraldoi eta Buruhandien kalejirak Bilboko kaleetan zehar ibiliko dira abuztuaren 21etik 28ra, Bilboko Udalak iragarri duenez. Erraldoiek, Buruhandien segizioarekin batera, egunero egingo dute ibilbidea Euskal Museotik, 11: 00etatik 13: 00etara. Gainera, aurten nahi duenak zuzenean jarraitu ahal izango du kalejira, Bilboko Aste Nagusia 2022 aplikazioaren bidez.

4 metrotik gorako altura duten Erraldoiek –Pitxitxi eta Lina, Isabel II eta Zumalakarregi, Baserritarrak, Terencio jauna eta Tomasa andrea– eta Buruhandiek –Erdi Aroko emakume eta gizonak, diakonoa eta bere mezalagunak, Baserritarra edo Ikaztegia, Athletic Clubeko Lehoia eta Don Celes– osatutako pertsonaien segizioak, ibilbide desberdina egingo du egunero, Euskal Museotik abiatuta 11:00etatik 13:00etara.

KALEJIRA ZEIN PUNTUTAN DAGOEN AURKITZEKO APLIKAZIOA

Udalak bultzatutako “Bilbao Aste Nagusia 2022” aplikazioak kalejira zuzenean jarraitzeko eta edozein lekutan berarekin erraz bat egiteko aukera emango du. Aplikazio horrek une bakoitzean kalejiraren kokapen zehatza ematen duen atal bat du, kalejira non dagoen jakitea erraztuz eta horrela edozein puntutan berarekin bat egiteko aukera emanez.

“Bilbao. Aste Nagusia 2022” aplikazioa erabiltzaileen eskura dago gailu mugikorretan, Google Playn Android sistema eragilea dutenentzat eta Apple Storen iOS dutenentzat.

KONTZENTRAZIOA ABUZTUAREN 28AN, IGANDEAN, ETA ERAKUSKETA

Pertsonaia horiek izango duten une hunkigarrienetakoa azken igandean, abuztuaren 28an, izango da, Euskadiko hainbat herritatik etorritako Erraldoien eta Bizkaiko Gaiteroen kontzentrazio ikusgarriarekin. 31. edizioa beteko duen Kontzentrazioaren abiapuntua Plaza Biribila izango da 10:30ean, eta Areatzan egingo dute bat 13:30ean.

Gainera, Aste Nagusi osoan, gura dutenek, orain arte Euskal Museoak hartu izan duen “Bilboko Erraldoiak” erakusketa bisitatu ahal izango dute. Eraberritze-lanak direla eta, aurten Mariaren Bihotzaren Aztarnategira eraman da (sarrera Mirasol kondearen kaletik, 2).

Erakusketak euskal folklorearen parte garrantzitsu bat partekatzen du urtez urte, 1980ko belaunaldiko 10 erraldoirekin eta 1988ko belaunaldiko 6rekin. Bisitariek Hirian berrogei urte baino gehiago daramatzaten pertsonaia ospetsu horien testuinguru historikoa kokatu ahal izateko, haien kontakizuna informazio-panelekin indartu da. Urteetan zehar Bizkaiko hiriburuan uda garaian bisitari gehien izan dituen jardueretakoa izan da.