Bilbotarrek uriko Agenteen Sarea ezagutu dezaten, zurrumurruen kontrako mapa interaktibo bat egin du Bilboko Udalak, Zurrumurruen Kontrako Estrategiaren barruan.

"Badira migratzaileen eta kultur aniztasunaren gaineko zurrumurru funtsik gabeak eta estereotipo ezkorrak, eta zabaldu ere egiten dira, eta, gizartean gorroto-diskurtsoak indartzen dituzte, eta intolerantziarako bidea irekitzen. Hori dela eta, herritarrengana iristearren eta joera horren kontrako baliabideak ematearren, abian jartzen ditugu zenbait ekimen Bilbo Kulturarteko Hiria izeneko Planaren barruan", adierazi du Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak.

Tresna berri honekin, diferentea izateko eskubidea, bazterkeriarik eza eta tratamendu-berdintasuna jartzen baititu erdian, Bilboko Udalak agerira ekarri nahi ditu zurrumurruen kontra eragiteko eta sentsibilizatzeko ekintzak prestatzen eta egikaritzen parte hartzen duen komunitate-sarearen lana eta konpromisoa, eta ahaldundu, zabalkundea egin eta balioa eman.

"Gure azken xedea da gizarte inklusibo, kohesionatu, parte hartzaile, arrazismoaren kontrako eta kulturarteko bat eraikitzen jarraitzea. Eta, orain, baliabide digital honen bidez, uriak jakingo du nortzuk diren aldaketa eragiten dabiltzan agente hauek, zein auzotan jarduten diren eta zer motako esku-hartzeak gauzatzen dituzten", adierazi du zinegotziak.

Mapa interaktibo honen bidez, zeina zurrumurruen kontrako agenteen sarearendako nahiz herritar ororendako baitago eskura, gauzatutako jardun guztien berri zabalduko da, eta agerian jarriko Zurrumurruen kontrako Estrategiaren bidez urian gauzatzen diren auzokako ekimen batzuen eta besteen artean dauden interakzioak, estrategia hori egikaritzen ari baita une honetan Basurtun, Begoñan, Deustun, Santutxun, Uribarrin eta Otxarkoagan.

ERAGILE BATZUEN ETA BESTEEN ARTEKO LANKIDETZAREN BIDEZ SORTUTAKO BALIABIDEA

Alde horretatik, beraz, Bilboko Udalak mapa interaktibo honetan parte hartzera animatzen ditu 2013tik gaur arte urian kulturartekotasunaren alde eta zurrumurruen kontra eragiteko eta sentsibilizatzeko ekintzak gauzatu dituzten agenteak: auzo-elkarteak, merkatarien elkarteak, GKEak, eta GGKEak, kultur elkarteak, aisialdiko eta kiroleko elkarteak, denbora librekoak, jaietako batzordeak, emakumeen elkarteak, ikastetxeak (publikoa, pribatuak eta itunpekoak), BHIak, unibertsitateak, formazio zentroak, IGEak, Haurguneak, Gazteguneak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, antzerki sozialeko taldeak eta konpainiak.

Horretarako, gonbidapen-bideo bat egin da Bilboko entitateekin, elkarteekin eta era bateko eta besteko espazioekin, parte har dezaten prozesu honetan eta zehaztu ditzaten proiektuaren barruan gauzatu dituzten ekintzak, haien emaitzen berri emanez.

Baliabide digital interaktibo berri honek, halaber, osatu egingo du "Bilboko Zurrumurruen kontrako Paper-zorroa" delakoa, zeinaren bidez aukera ematen baita Agenteen Sarerako kide berriak biltzeko, eta ezagutzera ematen baita zer den eta zer esan nahi duen Zurrumurruen kontrako Estrategiak, zeintzuk diren jardunean dauden barrutiak, zergatik garatu den estrategia hori eta zeintzuk diren herritarrek parte hartzeko ekimen honen esku hartzearen ardatzak. Bestalde, kuantitatiboki jasotzen ditu konpromisoa hartuta duten auzoen gaineko datuak, parte hartzen duten pertsonen kopurua, eta 2013tik gauzatu diren ekintzak eta formazioak.