Hiri osoko etxebizitzen energia-eraginkortasuna hobetzea izango da Bilboko Udalaren hurrengo erronka. Horretarako, dirulaguntzen lerro berri bat abiarazi egin du Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bitartez.

‘Lerro berdea. Etxebizitzen energia-birgaikuntzarako laguntzak’ izenekoak 200.000 euroko aurrekontu-partida dauka, eta haren helburua da Bilboko bizitegi-erabilerako eraikinak eta etxebizitza pribatuak, energiaren erabileraren aldetik, apurka-apurka egokitzeko pizgarriak ematea. Zehazki, eraikinetan obra txikiak egitea edo eraikinen energia-diagnostikoak egitea eta hobekuntza-neurriak proposatzea lagunduko da. Finean, energiaren aurrezpenean inbertsio pribatua sustatzeko ekintza bat jartzen da abian.

Iván Calderón Hiri Berroneratzearen zinegotziak azaldu duenez, plan honek bi alde ditu: batetik energia-auditoretza bat bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzak urte amaierarako eskatuko duen ziurtagiria eskuratzea. Ziurtagiri horrekin, bizitegi-eraikinetako jabe-erkidegoek higiezinaren energia-egoera jakin ahalko dute eta kalifikazio energetikoa hobetzeko neurriak abiatu ahalko dituzte. Beste alde batetik, proposatutako neurriak abian jartzeko pizgarriak emango dira; zehazki, laguntzak emango dira Bilboko eraikin eta etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko.

Izan ere, Euskadin, azaroan onartu zen Energia Jasangarritasunaren Dekretuaren arabera, titulartasun pribatuko bizitegi-eraikinek energia-eraginkortasuneko ziurtagiria eduki beharko dute 2022ko abenduaren 31 baino lehen, Energiaren eta Klimaren Plan Nazionala betetzeko. Plan horrek adierazten du 2030erako etxebizitzak energia-eraginkortasuneko baldintzetan birgaitu beharko direla.

“Joan den astean Surbisaren administrazio kontseiluan onartu genuen laguntzen lerro berdeari esker, erabiltzaileek energia eta dirua aurreztea lortzen dugu. Gainera, etxebizitzak erosoagoak dira eta ingurumena zaintzen dugu”, gehitu du Calderón-ek.

Gainera, hirugarren Renove planaren deialdi irekiak, etxebizitzetan obra txikiak egiteko, 800.000 euro dauzka. Plan horretan, energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketetarako laguntzak jasotzen dira era berean.

LAGUNTZA MOTAK, EPEAK ETA ZENBATEKOA

Lerro berde berriak pizgarri ekonomiko eta teknikoak emango dizkie eraikinen jabe-erkidegoei eta etxebizitzen jabeei, energia-hobekuntzako obra txikiak egin ditzaten eta euren eraikinen dokumentu teknikoak atera ditzaten (ziurtagiri nahiz auditoretza energetikoa). Horrela, erabakitzen dituzten birgaikuntza-obretan, eraginkortasun-baldintzak eta energia-aurrezpena hobetzeko aukerak, ezaugarriak eta defizitak jakin eta beraiei buruzko aholkularitza jasoko dute.

Laguntza motak lau bloketan banatzen dira:

  • Energia-eraginkortasuneko ziurtagiriaren idazketa jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  • Energia-auditoretzako ziurtagiriaren idazketa jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.
  • Jabetza pribatuko etxebizitzetan energia aurrezten zuzenean eragiten duten obra txikiak egitea. Esate baterako, kanpoko zurajea ordeztea, CTE-HE 1 betez.
  • Energia aurrezten zuzenean eragiten duten obra txikiak egitea eraikinetan. Esate baterako, eraikinean isolamendu termiko partzialeko obrak egitea edo eraginkorrak ez diren instalazio termikoak ordeztea.

Modu berean, laguntzen zenbatekoak hauek dira:

  • Eraikinen energia-eraginkortasuneko ziurtagiriak idazteko: 400 €, gehi 20 €/etxebizitza. Gehienez 2.000 €/jarduketa.
  • Energia-eraginkortasuneko auditoretzak idazteko: 400 €, gehi 40 €/etxebizitza. Gehienez 3.000 €/jarduketa.
  • Energia-hobekuntzako obra txikiak egiteko: % 50eko dirulaguntza. Gehienez 10.000 €/eraikina eta 1.500 €/etxebizitza.

Babesten diren jarduketak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egin beharko dira (hau da, eskaerak egiteko epea amaitzen denera arte). Halere, eraikinetan obra txikiak eginez gero, obrak amaitzeko epea 2023ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Laguntzak aurrekontuko kontsignazioa amaitu arte edo 2022ko azaroaren 30era arte eskatu ahalko dira.

Energia-eraginkortasuna hobetzeko eta aurrezteko plan hau Bilboren Agiriaren balioetan txertatzen da, zehazki, ingurumen-jasangarritasunari, konpromisoari eta erantzunkidetasunari, eta osasunari dagokienez. Modu berean, bat dator garapen jasangarriaren helburuekin: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadura eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

SURBISARI BURUZ

Surbisa udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda.

Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.