Síguenos en redes sociales:

40.000 euro bideratuko dituzte

'Bertatik bertara 2020' programak lau kultur proiektu sustatuko ditu

BILBO. 2012. urtetik, Bilboko Udalak bat egiten du Santanderreko Udalarekin kultura sustatzen dituzten programa eta proiektuak aurrera eramateko, garai hartan sinatutako hitzarmen bati esker. Horren ondorioz, aurten 'Bertatik bertara 2020' programa sortu da, zeinak lau kultur proiektu sustatuko dituen.

Izan ere, konpromiso horren barruan, Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bitartez, eta Fundación Santander Creativa (FSC) fundazioak “proiektuen poltsa” bat eratzeko deialdia egin dute, bi hiriek 40.000 euroz horniturik erdibana.

Lau proiektu hautatuko dira, eta bakoitzari 10.000 euroko aurrekontua esleituko zaio. Hiri bakoitzak lau proiektu horietako bina diruztatu eta garatuko ditu, eta, denak ere, hiri batean edo bestean gauzatuko dira, bakoitzaren kultur programazioari erantsiko zaizkiolarik; bi hirietarako jarduerak proposatzen dituztenak lehenetsiko dira.

Kultur proiektuak berritzaileak izan beharko dira, eta bi hirietako kultur agenteen elkarrekiko lanaren emaitza. Ekimenek, gainera, berekin ekarri behar dute bi hirietako kultur agenteen artean lan harremanak eta sareak sortzea eta eratzea, eta, orobat, Santanderko eta Bilboko kultur programazioa aberastea.

Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten proiektuak eta ekimenak posta elektronikoko helbide honen bidez aurkez daitezke, euskaraz edo gaztelaniaz info@santandercreativa.com apirilaren 8ra arte. Eskaria egiteko eredu digitala jaitsi behar da www.santandercreativa.com helbidean; programako oinarriak ere leku berean kontsultatu ahal izango dira.