BILBO. Txurdinagako kiroldegiaren irisgarritasuna hobetzen duten bi igogailu berri inauguratu dituzte, Santutxun. 11 hilabete eta 2,8 milioi euroko inbertsioa egin ondoren obrak bukatu dituzte eta Basarrateko zelaiarekin eta metroarekin konektatzen dute kiroldegia, hain zuzen.
Juan Mari Aburto alkatea buru zela, udal gobernuko eta udal talde politikoetako ordezkariek parte hartu dute igogailu berrien inaugurazio ekitaldian.
Horrela, Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko garaiera aldea gainditzeko, bi igogailu inklinatu jarri dira.
Goialdeko igogailuak Iturriaga kalean hasten du ibilbidea, Basarrateko zelaiaren eta metroaren geltokiko igogailuaren ondoan. Laurencin Markesa kalea eta Anselmo Guinea Margolaria kalea gurutzatzen diren lekuraino iristen da, eta geltoki bat du tartean, haurtzaindegiaren ondoan. Igogailuak 65 metroko tartea egiten du eta 8,5 metroko garaiera aldea gainditzen du.
Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolaria kaleko zenbaki bakoitien aldetik doa, Laurencin Markesa kalearekin gurutzatzen den lekuan bertan, Cocherito de Bilbao kalearekiko gurutzaguneraino. Igogailuak 45 metroko tartea egiten du eta 5 metroko garaiera aldea gainditzen du.
Igogailu batean zein bestean 20 pertsona sartzen dira. Igogailuek behaketa sistema bat dute, ingurua denbora errealean behatzeko. Gainera, energiaz etengabe hornitzeko sistema bat dauka, bai eta kabina barnearekin komunikatzeko sistema bat ere, besteak beste.
Gainera, hobetu egin da Cocherito de Bilbao kalearen eta Club Deportivoko Zirku Amateurra kalearen bidezko konexioa, han zegoen oinezkoentzako pasabide bat lekuz aldatuz eta haur jolasen plazaren inguruko espaloia zabalduz. Horretarako, ezabatu egin da lehen zegoen lorategi gunea.
Inauguratu diren igogailu berriekin, Bilbok 38 ditu 31 instalaziotan. Abenduaren 1etik eguneko 24 orduetan ematen dute zerbitzua. Horiei gehitzen zaizkie 20 arrapala eta eskailera mekanikoak (bost gunetan daude).