BILBO. Konpainia ezin hobean gozaldu du gaur Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburto, izan ere bakarrik geratzeko arriskuan dauden adineko pertsonak jaso ditu Udaletxean batera gozaltzeko, “Nagusi Kafegunean” ekimenaren parte hartzaileak, hain zuzen.

Sare berri hau udan jarri zen abian eta auzokoen eta auzo barruko lotura iraunkorrak sustatu nahi ditu, kafe baten inguruan elkartuta. Horrela, bada, eta ekimenaren funtzionamenduari jarraiki, Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziekin, kafea hartu du bakarrik bizi eta sarean parte hartzen duten adinekoekin, berriketaldi batean. Topaketa horretan izan dira antena sozialen ordezkariak, Bilboko biztanleen artean bakardade egoerak detektatzeko boluntarioak direnak.

Udaletxera ongi etorria eman ondoren, Alkateak adierazi du: “ekimen hau ideia ona da bakarrik dauden edo bakarrik geratzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea sustatzeko. Gainera, interesgarria da zeren, topaketa horiei esker, adiskidetasun-harremanak sor daitezke harreman sozial gutxi dauzkaten edo kanpora ateratzeko mugak dauzkaten pertsonen artean”. Ekimen horren bitartez, Bilboko Udalak eta Gizarte Ekintza Sailak pertsona horiek konpondu barik dauzkaten beharrizanak detekta ditzakete eta udal baliabideetara bidera ditzakete.

NAGUSI KAFEGUNEAN Iragan udan Bilboko Udalak abian jarri zuen “Nagusi Kafegunean” ekimena, bakarrik geratzeko arriskuan dauden pertsona identifikatuen ahultasunari, isolamendu sozialari eta bakartasunari aurre egingo dien harremanen sare aktibo bat sortzeko. Sare berri honek auzokoen eta auzo barruko lotura iraunkorrak sustatu nahi ditu, kafe baten inguruan elkartuta.

“Nagusi Kafegunean” ekimenarekin bat egin nahi duten adinekoei hiru alternatiba aurkeztu die Bilboko Udalak:

KAFEA ZURE ETXEAN: muga fisiko edo psikologikoengatik, isolamendu sozialagatik edo oztopo arkitektonikoengatik kalera irten ezin diren pertsonen etxera joango da gizarte zerbitzuetako teknikari bat, kafe bat hartzea edo antzeko zerbait aitzakia izanik, adineko pertsona horrekin elkarrekin egoteko edo hitz egiteko espazioa partekatzeko.

KAFEA HIRURENTZAT: profesionalak isolatutako pertsona beste adineko batzuekin edo auzoko boluntario edo elkarteetako kideren batekin harremanetan sartzea erraztuko du. Hiru pertsonak kafe bana hartuko dute kalera irteteko zailtasunak dituen pertsonaren etxean.

KAFEA ESPAZIO ADEITSUETAN: aldez aurretik “adinekoekiko espazio adeitsu” gisa identifikatutako ostalaritzako lokaletan egingo da. Profesional batek dinamizatuko ditu topaketak eta horietan auzoko 3 edo 4 adineko batuko dira, sare iraunkorrak sortzea sustatzeko. Modalitate horrek dauka, gaur egun, erabiltzaile kopururik handiena. Gaur egun, 21 pertsona biltzen dira astean behin Bilboko hiru auzotan: San Frantzisko, Santutxu eta San Ignazio.

BEGIRADA AKTIBOA Bilboko Udalaren “Begirada Aktiboa" 2013an sortu zen, bakarrik bizi diren, oinarrizko beharrak betetzeko zailtasunak dituzten eta laguntzako sarerik ez duten adinekoen beharrei aurre egiteko. Isolamendu-egoeretan egoten dira adineko asko eta gizarteak ez ditu egoera horiek ikusten, euren etxean sartuta egoten direlako. Egoera horiek identifikatu behar dira gizarte zerbitzuek prebentziozko lanak egin ahal izateko.

Programaren lehenengo urteotan, ahultasun, bakardade, isolamendu sozial edo antzeko egoerak dituzten edo edukitzeko arriskua duten adinekoak identifikatzeko eta haiei buruzko informazioa bideratzeko Bilboko Udalak Bilboko adinekoen 53 elkartetako hainbat adineko mugiarazi ditu, baita beste elkarte batzuetako profesionalak eta oro har, herritarrak ere.

Adineko elkarteetako pertsonei dagokienez, 32 elkarte eta 64 pertsona dira inplikatu direnak. Hauek antena sozialak edo solidarioak dira. Adinekoen Sare Aktibo baten partaideak dira eta, bakardadea edo inguru hurbileko beste arrisku batzuk direla-eta, arriskuan dauden adineko pertsonak identifikatzea dute xede.

Era berean, beste elkarte profesional batzuek osatutako sare aktibo bat dago. Euskadiko arlo publiko, ekonomiko eta sozialeko 17 entitate daude bertan. Bilboko Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, boluntario gisa aritzeko. Egoerak detektatzeko agenteak dira eta haien bezeroen arrisku-egoerak bideratzen dituzte.

Orain arte, 360 pertsona aurkitu dira arrisku-egoeran, bakardadeagatik.

2017tik, Bilboko Udalak ahaleginak udalerriko oinarrizko hamaika gizarte-zerbitzuetara bideratu ditu, bakarrik bizi diren eta oinarrizko beharrak bakarrik ezin bete ditzaketen, eta familiaren sare edo sare sozialik ez duten, isolatuta dauden edo abandonu-egoeran dauden pertsonak nortzuk diren detektatzeko.

LAGUNKOITASUNEKO JARDUNBIDE EGOKIEN SARIA Bilboko Udalaren “Begirada Aktiboa” programak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Lagunkoia sarearen "Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria” jaso zuen irailean. Sariaren helburua da zahartuz doazen pertsonentzat bizitzeko ingurune errazak sortzen laguntzen duten jardunbide berritzaile eta eraginkorrak ezagutaraztea.

Bilbok 2016tik garatzen du “Bilbo, adinekoekin adiskidetsua den hiria” planaren bigarren fasea, bilbotar guztien zahartze aktiboan aurrera egiteko asmoarekin. Bilboko Udalak zehar-lana egiten du udal sail guztien inplikazioarekin, pertsonak zahartzen diren heinean bizi-kalitatea hobetzeko. Izan ere, horrela definitzen du Osasunaren Mundu Erakundeak hiri adiskidetsua.