BILBO. "Cafe Voltaire" programak beste hitzordu bat izango du ostegun honetan, abenduak 13, arratsaldeko 19:30ean Bidebarrieta Kulturgunean. Saio honetan gaurkotasunari loturiko gaiak eta jendeak dituen kezkak landu, eztabaidatu eta argudiatuko dituzte modu informal batean.
Bigarren hitzorduaren izenburua “” da, eta Iñaki Esteban kazetaria izango du gidari. Bertan, balioa emango zaio bokazio bati jarraitzeari, borroka egiteari eta zailtasunak gainditzeari, humanitateen edo sorkuntzaren arloko lanetan aritu ahal izateko; izan ere, arlo horiek, teorian, ez dute toki handirik lan merkatuan, nahiz eta errealitatean, Bilbo bezalako hirietan, artea oso baliagarria izan den hiria ezagutarazteko eta nazioarteko prestigioa emateko. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, aretoa bete arte.
Zientziaren eta teknologiaren arloko lanbideek gero eta babes handiagoa dute, eta hori albiste ona da, zalantzarik gabe, ez baitago maila handiko zientzialari eta teknikariak edukitzea baino ezer hoberik; hala ere, sorkuntza eta funtzionaltasuna kontrajartzea akatsa da. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugazak eta moda-diseinatzaile eta artista Miriam Ocarizek euren esperientziak eta ibilbide profesionala partekatuko dituzte, erakusteko sorkuntzaren eta humanitateen arloko bokazioetatik abiatuta erakundeak eta enpresak eraiki daitezkeela.
Bidebarrieta Kulturguneko programa berriak frantziar filosofoaren izena du, islatzeko Ilustrazio garaian ideien eta iritzien trukeak garrantzi handia izan zuela. Elkarrizketaren bidez herritarrei gai eta ikuspegi berriak ezagutarazteko, ezinbestekoa da jakintzak eta bizipenak partekatuko dituzten pertsonak izatea. Programak jarraipena izango du Bidebarrieta Kulturgunearen agendan, eta hiru hilero saio bat egingo da.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA literatura eta ezagutza humanista nahiz zientifikoa ezagutarazteko gune bat da, eta Bidebarrieta Liburutegian dago.