BILBO. Juan Mari Aburtok, Bilboko alkatea, Madrilen izango den Hirien eta Tokiko Gobernuen Mundu-Kontseiluan parte hartuko du azaroaren 6an eta 7an, tokiko eta eskualdeetako gobernuen nazioarteko erakunderik handienean, zeinean Bilbo hiria 2013. urtetik baita kide.

Oraingo honetan, Mundu Kontseiluaren bilkurarekin batera izango da Hiri Bortizkerien gaineko eta Elkarbizitzarako eta Bakerako Hezkuntzaren gaineko Munduko Foroaren II. aldia, zeina hirietako bakearen gaineko munduko fororik garrantzitsuena dela jotzen baita.

HTGEren Mundu Kontseiluak mundu osoko ehunka agintari eta tokiko ordezkari bilduko ditu, eta tokiko gobernuek nazioarterako daukaten agenda politikoko gai global axolazkoenetako batzuen gainean jardungo dira bertan.

Mundu Kontseilu horren esparruan, HTGMKren Kontseilu Politikoen zenbait eztabaida-saio antolatuko dira; izan ere, HTGMKren Kontseilu Politikoek zuzentzen eta garatzen dituzte lehentasunak eta 2017-2019 eperako lan-egitaraua, identifikazioa eta parte hartze politikoa hobetzearren, networking delako aisagotzearren eta HTGMK-ko kideek Munduko Erakunde horren agenda globaleko lehentasunezko gaien gainean dauzkaten esperientziak trukatzen laguntzearren.

Bilboko alkatea "Aukerak denontzat, kultura eta hirien diplomazia: garapen jasangarrirako eta bakerako gakoak” izeneko kontseilu politikoko presidentekidea da; kontseilu politiko horretan, jarraipena emango zaio gai hauek aztertzeko lanari: nola babestu kulturaren funtsezko balioak eta nola sustatu hirien diplomazia eta kooperazioa gaitasunen garapenaren bidez; halaber, elkartasuna eta bakea sustatuko ditu garapen jasangarrirako oinarri gisa.

Kontseilu Politikoaren esparruan, eztabaida bat egingo da gai honen inguruan: "Hirien diplomazia, bakerako gakoa: tokiko gobernuen mailan bakea sustatzeko adierazpen baterantz".

Bilboko alkateak beste hauekin batera parte hartuko du saio horretan: Manuela Carmena, Madrilgo alkate andrea; U?ur ?brahim Altay, Konyako alkate jauna (Turkia); Célestine Ketcha Courtès, Bangangtéko alkate andrea (Kamerun), REFELA (Network for locally elected women of Africa) sareko presidente eta Genero Berdintasunaren Batzorde Iraunkorreko presidenteordea; eta Joonha Yu, Daegu-ko alkateorde jauna (Hego Korea).

Bilkura horren xedea izango da HTGMK-k ikuspegi bat lantzea tokiko gobernuek bakea eraikitzen daukaten zereginaz eta ohartaraztea inguru kaltebera eta gatazkazkoetan daramatzaten ekintzetan lagundu beharraz.

HTGMKren Mundu Kontseiluarekin batera, Hirietako Bortizkeriaren gaineko eta Elkarbizitzarako eta Bakerako Heziketaren gaineko Munduko Foroaren II. aldia izango da; izan ere, munduan hirietako bakearen gainean jarduten den fororik axolazkoena dela jotzen da.

Bilboko alkatea, berriz, osoko bilkura honetan parte hartzera gonbidatu dute: “Erradikalizazioak, estremismoek eta nazioarteko terrorismoak eragindako bortizkeria”, eta nazioarteko erakundeetako beste kargu hautatu eta ordezkari batzuekin batera parte hartuko du han, hala nola: Josep Mayoral, Granollers-eko alkatea eta “Alkateak bakearen alde” Foroko presidenteordea; Patrick Klugman, Paríseko alkateordea; edo Beatrice Finh, ICAN edo Arma Nuklearrak Ezeztatzeko Nazioarteko Kanpainaren zuzendari exekutiboa.

Alkateak, bere hitzaldian, hau nabarmenduko du: "nola erabakitzen den munduko ekonomia-jardueraren zati handi bat hirietan garatzea, halaxe da guztiz axolazkoa, bakea eraikitzeari begira, zer erabakitzen den hirietan gatazken kudeaketari buruz".

Juan Mari Aburtok foroan azalduko du nola dituen Bilboko Udalak bi esperientzia adibide egokiak direnak tokiko gobernuen mailan gauzatu eta lideratu daitezkeen politiketarako.

Horietako lehena, “Bilbo, Balioen Hiria" proiektua, zeina honela definitu baitu alkateak: "proiektu horren abiaburua egiaztapen hau da: balioak dira hiri baten trakzioko motorra, batez ere hiriko agenteak gauza direnean balioen esparru partekatu bat adosteko".

Bigarrena, berriz, “Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilbo Foroa” da; Bilboko agintari gorenak hauxe nabarmendu du proiektu horri buruz: “xedea du topaketarako eta elkarlanerako gune bat sortzea, terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimei buruzko udal politika publikoen lagungarri izan dadin, eta, hala, errespetuaren eta elkarbizitzaren balioetan sakontzen laguntzen duten ekintzen eta programen alde lan egiteko".

Bilboko alkateak Madrileko egonaldia baliatuko du HTGMK-ko kideei jakitera emateko Bilboko Urian izango dela, 2019ko otsailaren 20an eta 21ean, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Biltzarra (www.sumbilbao19.com), xedetzat izango duena XXI. mendeko hirietako garapen jasangarriaren gaineko egungo eztabaiden erdigunean kokatzea hiri-mugikortasuna.