BILBO. Adinekoei zuzendutako segurtasun arloko gomendioak dituen triptikoa aurkeztu du Bilboko Udalak eta bilbotarrek udal instalazioetan aurkitu ahal izango dituzte, euskaraz eta gastelaniaz.
Martxoaz geroztik, Bilboko Udalak Herritarren Segurtasunaren arloko prebentzio-aholkuak dituzten 310.000 triptiko eta liburuxka inguru argitaratu eta banatu ditu, eta horiek guztiak udal webgunerako esteka honen bitartez kontsultatu eta eskura daitezke.
Horrela, saltokietako auto-babeserako gomendioak, etxeko suteei aurre egiteko neurriak, umeei zuzendutako suaren kontrako kontseiluak, itotzeak saihesteko gomendioak, garraiobideen erabilpenarekin nahiz hoteletan ostatu hartzearekin lotutako segurtasun gomendioak eta ikuskizun publikoetarako segurtasun aholkuak biltzen dituzten argitalpenak kaleratu ondoren, Udalak Irakurketa Erraza delako zigilu eta arauei jarraiki landutako liburuxka plazaratu du orain, Hiriko adinekoentzat.
Hizkuntza erraz eta zuzenean idatzita, triptikoak segurtasunaren arloko aholkuak eta gomendioak eskaintzen zaizkie beren-beregi adinekoei, eguneko jardunean ahalik eta istripurik gutxien gerta dakizkien.
Oro har, etxean, kalean eta garraio publikoak erabiltzeko orduan kontuan hartu beharreko jarraibideak bildu dira; hala nola, su-ontziak, berogailuak eta gas nahiz elektrizitate sareei konektatutako aparatuak kontuz erabiltzeko hartu beharreko neurriak edota errepidea arriskurik gabe zeharkatzeko modua. Horrez gain, seinale berdeak alde egiteko direla (ohiko edo larrialdietako irteeren seinaleak edo izuaren aurkako barrak ateetan) eta seinale gorriak defendatzeko direla (su-itzalgailua, alarmaren sakagailua edo ur-harguneak) gogoratzen da.
Bilbon, 80 urtetik gorako 30.200 pertsona baino gehiago bizi dira, eta 16.100 pertsona bakarrik edota adin handiko pertsonekin bizi dira. Hain zuzen ere, adineko pertsona hauen segurtasuna indartzeko asmoz, aurten, Bilboko Udalak, MAPFRE Fundazioaren lankidetzaz, 400 ke-detektagailu inguru instalatuko ditu. Desgaitasuna duten pertsonen etxebizitzetara ere hedatuko den ekimen honetaz baliatzeko, idatzizko eskaera aurkeztu behar da Bilboko barrutietan dauden Udaltegietan edota Herritarrentzako Arreta Bulego nagusian.