BILBO. Bilboko kaleak jardueraz beteko dira Aratusteak ospatzeko otsailaren 10ean eta, familia osoarentzako 50 jarduera baino gehiago antolatu dituzte. Gainera, horietako batzuetan zeinu-hizkuntza interpretatzailea arituko da.Jaiegunean ekitaldi ugari eramango dira aurrera, eta horien artean mozorro lehiaketa eta Farolin eta Zarambolas pertsonai ospetzuen atxilotze eta epaitzea aurkitu daitezke.

Hala ere, antzerkiak ere lekua izango du larunbatean. 12:15ean, Albian, Irrien Lagunak izango ditugu nagusiak eta txikiak alaitzen, Irrikula Makula ikuskizunarekin; 13:00etan, ordea, Goloka taldeak Berpiztuak lana antzeztuko du Zabalguneko plazan. Panpotx Kultur Elkarteak, bere aldetik, Fiesta en el Baserri, antzezlanaren hiru emanaldi eskainiko ditu Zabalguneko eraikinean: 13:00etan euskaraz arituko dira eta 16:30etan berriz, gaztelaniaz. Gainera, 18:30ean berriro arituko dira euskaraz, sarrera dohakoa izanik lekuak bete arte.

Igandean, hilak 11, 12:00etatik 14:00etara, Erraldoiek eta Buruhandiek ibilbidea egingo dute Areatzatik Arriaga plazaraino umeei atzetik segika; ordu horietan, Arriaga plazan Gargantua egongo da.

Azkenik, astelehenean, hilak 12, 12:30ean, Plaza Barriko Karpan Bilboko Udalaren bandaren kontzertu parte-hartzailea, Patxi Gonzalezekin, familientzat, eta 17:00etatik aurrera, Plaza barriko Karpan, puzgarriak eta umeentzako jolas eta tailerrak egongo dira.

Jai Batzorde Mixtoak Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratu ditu: Farolín eta Zarambolas. Aurten, Mikel Martinez aktore eta ostalaria ? Plaza Barriko Café Bilboaren arduraduna- eta Elena Caballero, la Basu rap-kantaria ?egungo hip-hop eszenako erreferentea- izango dira Farolín eta Zarambolas hurrenez hurren.

Farolín esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da ? ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan behar-, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultra” leloak (Beti haratago) laburbildu dezake bere ustea.

Zarambolas, aldiz, gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburbiltzen du bere bizi-lema.

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolín eta Zarambolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Gure hiribilduan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.

Hauen epaiketa otsailaren 9an, barikuan, 19:30ean, egingo da Plaza Barriko karpan. Epaiketaren ostean, 21:00etan, Farolin eta Zarambolasen iseka izango da kopla eta dantzekin Santiago plazan, Beti Jai Alai taldearekin. Ekitaldiak amaitzeko, 22:30ean, Asier Bilbao artistak Bilbao-Karnavalokas izeneko ikuskizuna eskainiko du Plaza Barriko karpan.

Plaza Biribilean, Berastegin, Albiako Lorategietan, Zabalguneko plazan eta Astarloa kalean, 12:00etatik aurrera, kontzertuak, bertsolariak, antzerki-lanak, produktu gastronomikoen dastaketa, umeentzako ekitaldiak, fanfarreak, erraldoiak eta buru-handiak, eta, jakina, Aratusteetako Mozorroen Lehiaketa egongo dira.

Epaimahaia Astarloa kaleko eszenatokian jarriko da arratsaldeko 17.00etatik aurrera, taldeen mozorroak ebaluatzeko. Konpartsek desfilea egingo dute, ohi bezala, Plaza Biribilean hasi eta Astarloa kaletik eta Zabalguneko plazatik igarota, Albiako Lorategietan amaitzeko. Gainera, 17:30etik 20:00etara bitartean, nahi dutenak Berastegi kalera hurbil daitezke sardinarekin ‘selfie’ bat egitera.

19:30etik aurrera jaia Zazpi Kaleetan izango da, Santiago plazan aurrena eta Plaza Barriko karpan ondoren. Hain zuzen ere, 21:00etan hasita, lehiaketako sariak banatuko dira karpan eta amaitzeko, Passarela orkestraren dantzaldia izango da karpan.

INDABA LEHIAKETA

Otsailaren 11n (domeka), Indaba Lehiaketa egingo da Plaza Barrian. Horrez gain, goizean zehar, Buruhandiak eta Erraldoiak ikusteko aukera, eta arratsaldean, 18:30ean, Euskal Herriko Inauterietak ikuskizuna izango dugu Beti Jai Alai Dantza Taldearen eskutik.

SARDINA ERRETZEA

Jai-egunei agur egiteko, Inauterietako unerik tristeena izango da: Sardina erretzea. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, Plaza Barrian sardina erretzeko ekitaldia hasiko da. Sardina Plaza Barritik Arriaga plazara eramango dute erretzera; 20:00etan erreko dute. Udalak dei egiten die herritarrei segizioarekin bat egitera, lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela.

ARATUSTEAK, DENONTZAT ESKURAGARRI. INTEGRAZIO NEURRIAK

Bilboko Udalak aurrera dihardu desgaitasunen bat daukaten guztiek jaietan parte har dezaten bermatzeko. Horretarako, Jaietako Batzorde Mistoa programatutako jarduera guztiak ahal den neurrian egokitzen saiatu da eta irisgarriak direnak berariaz markatu ditu jaietako programan.

Gainera, Aratusteetan programatutako ekitaldi nagusietako batzuetan, zeinu-hizkuntzako interpretaria izango da. Horien artekoak ditugu Farolin eta Zarambolasi egingo zaien epaiketa (barikuan, hilak 9, 19:30etan, Plaza Barrian), Baserriko Festa delako ikuskizun familiarra (zapatuan, hilak 10, 13:00etan, Zabalgune Eraikinean) edota Mozorro Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia (zapatuan, hilak 10, 21:00etan, Plaza Barrian).

Horrez gain, jai egitarauak Braillez aurkitu ahalko ditugu Udaleko Informazio Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Perez Galdos, 11), Bilboko Turismo bulegoetan (Plaza Biribila eta Abandoibarra 2), Bilboko Aireportuan, eta Ibaiondoko Udaltegian (Pilota kalea, 10) eta Abandoko Udaltegian (Barrainkua, 5). Programa honetan aratusteetako kartelaren egileak berak egindako azalpen idatzia bilduko da Braillera itzulirik.