BILBO. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu dute ekimena, astelehen honetan, Bilboko udaletxean.
Bere helburu nagusia da Bilbon jarduera ekonomikoa bultzatzea eta lan aukera berriak sortzea, bereziki kolektibo ahulen artean, lan merkatura sartzeko zailtasunik handienak dituztenen artean, hiriko auzoen arteko garapena orekatua izatea saiatuz eta auzootako jarduera ekonomikoa, merkataritzakoa, soziala eta kulturala bultzatuz.
Aburtok eta Artolazabalek nabarmendu dute ekimena "baliabide garrantzitsua" dela eta "kalitatezko enplegu egonkorra sortzea bilatzen duten suspertze ekonomikoko beste proiektuei" gehitzen zaiela.
Zehazki, sortu nahi diren lanpostuetatik, Bilboko Udalak 207 kudeatuko ditu, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, toki eremuaren onurarako edo intereseko jardueretarako kontratazioak bultzatze aldera. Beste 350 lanpostuak Bilbon egoitza duten enpresen kontratazioen bidez sortu nahi dira, sektore pribatuan enpleguaren sorrera bultzatzeko helburuarekin.
Gainera, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duten enplegu planak "konpromiso argia" dauka enplegua lortzeko zailtasunik handienak dituzten biztanleekin, hau da, emakumeak, 55 urteko baino gehiagokoak, 35 urteko baino gazteagoak eta iraupen luzeko langabeak.
Horrela, Bilboko 2017ko Enplegu Planean, iaz egin zen bezala, kontratazio guztien %50 Bilboko emakumeentzat izango dira, hau da, planaren barruan sortzen diren lanpostuetatik, gutxienez 279 emakumeek beteko dituzte. Halaber, proiektuak lehentasuna emango die 55 urte baino gehiago dituzten pertsonei, eta kontratazioen %15 (84 pertsona) talde horretakoentzat izango dira.
Bilbao Ekintzaren bitartez sortutako lanpostuei dagokienez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat izango dira lanpostuen %30, gutxienez, eta gainerako %70, berriz, lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten taldeentzat, besteak beste, lehenengo lanpostu bila dabiltzan 35 urtetik beherakoentzat eta langabe eta langabezian denbora luze daramaten pertsonentzat.
BALDINTZAK
Enplegu plan honetan sartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: Bilboko bizilaguna izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2017ko Enplegu Planean jasotako kolektiboren bateko kide izatea.
Lanbidek lehen hautaketa egingo du, eskainitako lanpostuetan oinarrituta, ezarritako irizpideak betetzen dituzten eta eskatutako profilera egokitzen direnen artean. Bilbao Ekintza udal sozietateak, ekimenean parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, azken hautaketa gauzatuko du, aurrez aurreko elkarrizketen bidez, prozesu ireki eta gardena bermatuta.
Bilboko 2017ko Enplegu Planaren bidez sinatuko diren lan kontratu guztiek gutxienez hiru hilabeteko eta gehienez sei hilabeteko iraupena izango dute lanaldi osoan edo erdian, eta 2018ko ekainaren 30era bitartean gauzatu beharko dira. Bilboko Udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sustatuko dituen enplegu guztiak lanaldi osokoak izango dira.