BILBO. Ikus-entzuleek Jose, Isidro eta Jose Inazio Ansorenaren obra oso ezagunez disfrutatu ahal izango dute, besteak beste: “Urte berri goiza”, “Beti nigandik gertu”, “Birigarroa, Agustin, Xantin eta Juan Joxe”, “Aguraingoa”, “Bilduma”, “Ansola anaiak” eta “Euskal Herriko zelaietan”. Halaber, beste autoreen lanak ere entzun ahal izango dira (Ansorena familiaren moldaketekin): V. Reimanen “Zirkoren Sonatatxoa”, Federiko Kortoren “Adan eta Eba” eta “Gizon dantza” herrikoia.

2017ko denboraldirako programatutako ekitaldiak abenduan bukatuko dira jada ohikoa den Gabonetako kontzertu bereziarekin. Jarduna abenduaren 19an izango da Euskalduna Jauregiko A1 aretoan. Bandak, aurten urteari agur esango dio Bogoroditsie abesbatzarekin batera. Hogeita lau kidez osatutako ahots nahasietako koru elkartea da Bogoroditsie. Ion Ugarrizaren zuzendaritzapean, hastapenetatik Bogoroditsie Abesbatzak autore berrien lanak ikertu eta ezagutzera eman nahi izan ditu, publikoa musika ikuspegi berrietara hurbildu nahian. 20 urte beranduago, horrek jarraitzen du izaten taldearen helburu nagusia.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.