Bide segurtasunaren erantzukizun partekatua aztertzeko jardunaldia Bilbon
BILBO. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak "Erantzukizun partekatua bide segurtasunaren alorrean" izenburuko jardunaldia egingo du urriaren 25ean, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. Kale eta errepideetako bide segurtasunarekin inplikatuta dauden eragile guztien baterako erantzukizunari buruz gogoeta egin nahi da jardunaldian.
Bertaratzen diren pertsonek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dituzte arriskuak murrizteko eta jokabide seguruak sustatzeko Europako eta tokiko esperientziak, prozesuak eta tresnak. Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak inauguratuko du jardunaldia.
Topaketaren inaugurazioaren ostean, hiru multzotan antolatutako aurkezpenak hasiko dira. "Erakundeen erantzukizunaren balioa bide segurtasunaren alorrean" lehen multzoan, Matthew Baldwin, Sonya Hurt eta Sonia Diaz de Corcuera izango dira hizlari, eta Europar Batasuneko, Erresuma Batuko eta Euskadiko bide segurtasunaren arloko esperientziak azalduko dizkiete bertaratzen direnei, hurrenez hurren.
Atsedenaldiaren ondoren, bigarren zatia hasiko da: "Bide segurtasunaren kontzeptua alor juridikoan, hizkuntza kreatiboaren bilakaeran eta enpresaren lehiakortasunean eta berrikuntzan". Multzo honetan esku hartuko dute Manu Pedreira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Bide Segurtasuneko fiskal ordezkariak, David Caballero SCPFko zuzendari sortzaile exekutiboak eta Claus Ehlers Mercedes Benz-eko estrategia eta planifikazioi zuzendariak.
Azkenik, hirugarren mahaian, "Giza faktorea mugikortasun seguru eta iraunkorraren alorreko paradigma-aldaketaren aurrean" izenburupean, Aitor Aritzeta EHUko Psikologia doktore eta Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarako Gazte-Ziur ekimeneko zuzendariak, Mariola Pascual Gazte-Ziur proiektuko ikertzaile eta EHUko ikerketa talde bateko kideak eta Azucena Vega liderren eta enpresa taldeen entrenatzaileak parte hartuko dute.
"Azken urte hauetan trafiko istripuen biktimen kopurua jaisten ari da Euskadin, eta arlo horretan Europako herrialderik aurreratuenen parean jarri da. Beherakada horrek akuilatzen gaitu, eta, hartara, istripuen eta biktimen kopurua murrizteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoari eusten diogu. Jardunaldi profesional honetan zenbait sektoretako adituei hitza eman nahi izan diegu; izan ere, kultur aldaketa iraunkorrak lortuko badira, ikuspegi zabala izan beharko da, askotariko alderdiak aintzat hartuko dituena", adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.
Más en Bilbao
-
La 'invasión' inglesa deja luces y sombras en el sector hostelero de Bilbao
-
Hasta 17 millones para que los bizkaibuses circulen hasta medianoche
-
Bizkaibus reforzará los servicios en las comarcas y descongestionará Bilbao
-
Un recuerdo de la final de Bilbao: "Para que lo tiren me lo llevo para un amigo"