BILBO. Bilbao Ekintza udal-sozietatearen Enplegu eta Talentu Arloaren bitartez, metodologia berritzaileak dituzten hainbat diziplinatako adituek gazteei erakutsiko diete curriculum vitaea nola egin formatu tradizionala utziz; horrez gain, parte-hartzaile bakoitzaren talentua, indarrak nahiz gaitasunak identifikatzen eta sendotzen lagunduko dute.

Programaren helburu nagusia pertsona bakoitzaren gaitasunak, ahalmenak, esperientzia, ezagutzak eta “talentua” oro har nabarmentzea da. Hala, alde batetik, beren talentua lan-merkatura ahalik hoberen egokituko dute eta, bestetik, parte-hartzaile bakoitzak lan ona aurkitzeko duen malgutasuna zein gaitasuna jarriko du praktikan.

Programa 8 saiokoa izango da, eta urriaren 10ean, 19an eta 24an eta azaroaren 2an, 7an, 14an, 21ean eta 30ean gauzatuko da. Saio bakoitza hiru ordukoa izango da eta 10:30etik 13:30era egingo da, Bilboko Zabalguneko instalazioetan.

Besteak beste, honako metodologia hauek erabiliko dira: Lego “Serious Play”, Belbin, Visual Thinking, Design Thinking, prestakuntza esperimentala (Kolb), storytelling, taldeko coaching sistemikoa, psikologia positiboko esku-hartzeak, etab.

Amaitzean, parte-hartzaile bakoitzak bere gaitasun eta indarrei buruzko txosten pertsonalizatua jasoko du, baita ekintza-plan propioa ere.